Literaturia Zarautzen, liburuak baino zerbait gehiago

literaturia

Maiatzaren 10etik 12ra, Euskal Letren Plaza bihurtuko da Zarautz. Hiru egun horietan, idazleak, argitaletxeak eta irakurleak nahasiko dira Urola Kostako herrian, kaleetan eta aretoetan literaturaz gozatzeko. Maskara izango da aurtengo gaia; leloa, berriz, hauxe: "Zu naiz, ni zara". Era guztietako ekitaldiak izango dira Garoa liburu dendan, Musika Plazan eta Modelo areto berrituan: haur eta helduentzako emanaldiak, azoka, sariak... Eta, nola ez, aurten argitaratutako liburuen aurkezpenak; horietako batzuk, gainera, estreinaldiak. Bestelako ekitaldiak ere egongo dira, tartean komiki tailerra, bertso saio bereziak, solasaldiak edota Margolaria filmaren emanaldia. Halaber, omenaldi bana egingo zaie Anjel Lertxundi eta Yolanda Arrieta idazleei, larunbatean eta igandean, hurrenez hurren, literaturan egin duten lana aitortzeko. 2014tik ospatzen da Literaturia Zarautzen, aurreko bost edizioak Larrabetzun egin ostean.


 

basaBASA (Elkar, 2109) eleberria da Miren Amurizak 2017ko Igartza saria irabazi izanaren ondorioa. Amurizak mundu ikuskera baten akabera kontatzen du bertan, desagertzear diren pertsonaia mota baten eta gizarte eredu baten erretratu gordina eskainiz. Altzerreka baserri zaharrean bizi dira protagonistak: bertako seme Henry, urte luzez Ameriketan artzain ibilia, zangoa anputatu ziotenez geroztik ohean datza; hura koinatak zaintzen du, Sabina Gojenola alargunak. Honek egoskorkeriaz gobernatzen ditu elbarria eta etxaldea, seme-alabek egunerokoa erraztu nahi badiote ere. Sabinak uko egiten die modernitateari, erosotasunari eta inork ezarritako arrastoan sartzeari. Etxeko abereei baino ez die gozotasuna adierazten.

genesiazEUSKARAREN GENESIAZ
Juan Miguel Munarriz
Pamiela, 2019

Lan honen hasierako xedea izan zen euskararen jatorria ikertzen saiatzea. Lehen erronka, ordea, gaiari nondik heldu erabakitzea. Hondarrean, gaurko euskara izan da abiapuntua; zehazkiago, gaurko esaldiak. Horretarako, gramatika liburuak arakatuz, hizkuntza osoa aztarnategitzat hartu du Munarrizek. Egokia da emaitza euskararen garapenaz jakin-mina daukaten guztientzat, ez bakarrik hizkuntza adituentzat, era ulerterraz eta interesgarrian azaltzen baita ikerketa.

 

iraultzaIRAULTZA BERTIKALA
Edo zergatik ibiltzen diren gizakiak zutik
Ngugi wa Thiong’o
Itzultzailea: Iraitz Urkulo
Irudiak: Agustin Comotto
Txalaparta, 2019

Kikuyu hizkuntzan idatzitako estilo klasikoko alegia hau ahozko literatura tradizioari egindako omenaldia da. Laurogei hizkuntzatara baino gehiagotara itzulia, ipuinak giza gorputzaren eraketa kontatzen du, haren atalen arteko eztabaida baten bidez. Besoek eta hankek atal garrantzitsuenak direla erakutsi nahiko dute lehiaketa batean, eta gainerakoek beren iritzia adierazi nahiko dute. Animaliek erotzat joko dituzte.