Zikloak

Ai, bizitzaren bueltak! Teknologiaren joan-etorriak ere ziklikoak dira, nonbait: gertaerak errepikatu egiten dira, baina izenak eta protagonistak aldatuta. Beharbada, askok ez duzue gogoratuko, baina Europako Batzordeak isuna eta zigorra jarri zizkion behinola Microsofti, 1990eko hamarkadaren bukaera aldera, Windowsen hedapena aprobetxatzeagatik jendea Internet Explorer nabigatzailea (ezin txarragoa!) erabiltzera bultzatzeko. Microsoftek dirutza ordaindu behar izan zuen orduan, lehiaren aurkako jokaeragatik, eta Europan saltzen zituen Windowsen bertsioak aldatu, Internet Explorer defektuz instalatu barik, erabiltzaileari aukera emateko gogoko arakatzailea instalatzeko.
Bada, 20 urte geroago, gauza bera gertatu zaio Googleri. Aurrerantzean, aldaketak egin beharko ditu Android sistema eragilean, erabiltzaileoi esku-eskura jartzeko lehenetsitako bilatzailea eta nabigatzailea aukeratu ahal izatea, defektuz Google eta Chrome sartu beharrean. Gainera, milaka milioi euroko isuna ere jarri diote Googleri, Interneteko publizitate merkatuan monopolio gisa jardun eta merkatu horretan lehiatu nahi duten beste enpresei trabak jartzeagatik.
Bitxiak dira, benetan, bizitzaren buelta hauek. 1990eko hamarkadaren bukaeran, Microsoft jaun eta jabe zen informatikaren munduan, eta enpresa gaiztoenen artean gaiztoena. Hamarkada osoa eman zuen epaitegietan, lehiakideen aurka era guztietako jukutriak egin ostean. Google, berriz, enpresa hasiberria zen, ia-ia hippy kuadrilla bat, eta “Don’t be evil” (ez izan gaiztoa) zen bere aurkezpen txartela, Microsoft erraldoi maltzurraren kontrakoa izan nahi zuela adierazteko.
Hara non, 20 urte geroago, ispiluak buelta osoa eman duen: orain, Google da Big Brother erraldoi kontrolatzaile eta kontrolaezina... eta Microsoft, tira, hippya ez, baina bai lehen baino askoz ere enpresa apalagoa, ume txiroei ere laguntzen diena....
Hori bai, aldatu ez den profila eguneroko erabiltzaileona da: ordenagailuen aroan, Microsoftek engainatzen gintuen berak nahi zituen programak erabil genitzan... eta sakelako adimendunen aroan, Googlek egiten digu gauza bera. Hau da, hau, bizimodua!

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/googleisuna
Googlek Europatik jasotako isunaren berri, Berria.eus-en.

https://labur.eus/microsoftisuna
Bueno, egia aitortze aldera, multinazional erraldoi hauek kasu gutxi egiten diete Europako isunei...

https://labur.eus/ziklo
Gorka Juliok ere aspalditxo esan zuen Berrian berak ere bazuela sentsazio zikliko hau...