Auzolan digitala martxan, gailuek euskaraz egin dezaten

voice

Gailu teknologikoak ahotsezko aginduen bidez maneiatzeko joera eta aukera gero eta gehiago hedatzen ari dira, eta aurki arrunta izango da gailuok hizketa bitartez erabiltzea. Teknologia alorreko enpresa handiak garatzen ari dira hizketaren ezagutzarako baliabideak. Alabaina, baliabide horietan hizkuntza hedatuenek soilik dute lekua. Hizkuntza txikiek, tartean euskarak, zail dute enpresa handien xedeetan tokia izatea. Hori dela eta, Librezale taldeak auzolan digitala hasi du. Helburua da euskarazko ahotsez osatutako 10.000 ordu grabatzea, modu boluntarioan. Ahotsok Mozilla fundazioak martxan duen Common Voice ekimena hornituko dute. Software librean oinarritutako ekimena da Common Voice, ikasketa automatikoa baliatuz hizketaren ezagutzarako motor libre bat garatzeko, zeinak hizkuntza gehiagori egingo dien leku. Hala, euskarazko grabaketak bildu nahi ditu Librezalek apirilaren 9an hasi eta hainbat hilez luzatuko den auzolan erraldoiaren bidez. Grabaketak egiten ez ezik, eginak daudenak balioztatzen ere lagun dezakete boluntarioek. Bidea erraza da: https://voice.mozilla.org/eu tokian sartu eta bertako argibideei jarraitu. Ahalik eta ahots mota gehien lortu nahi dute sustatzaileek; horrenbestez, askotariko lagunen elkarlanaren beharra nabarmendu dute. Librezaleren webgunean (https://librezale.eus/) topa daitezke ekimenari buruzko azalpen gehiago.


blogetanAZKUE FUNDAZIOAK Blogetan! Blog izarren bila lehiaketaren hirugarren edizioko sariak banatu ditu. Epaimahaiaren iritziz, hauek dira euskarazko blogik onenak: Gizarte eta Politika kategorian, Imanol Epelderen 27 zapata; Kulturan,  Xerezade, Jasone Larrinagak eta Ana Moralesek zuzendua; Zientzia eta Teknologian, Dabid Martinezen Laborategia; eta Aisia arloan, Kontra-kantxa, Iruñe Astizena. Bestalde, lehiaketan laguntzaile den Argia aldizkariak euskal blogari berrienari eman ohi dion saria banatu barik geratu da. Halere, Kablegintza eta kablelariak eta Begane blogak Argiaren urtebeteko harpidetza banarekin saritu dituzte. Euskarazko blogik onenak sarituz blogintza euskalduna sustatzea du helburu Blogetan! lehiaketak.

LABURREAN

GARESTIK GASTEIZERA 2.562 kilometro bete ostean, iragan apirilaren 14an amaitu zen 21. Korrika. Bidean, ehunka irudi, istorio, barre, malko... laga ditu euskararen eta AEKren aldeko lasterketa erraldoiak. Horietako asko gogora ekartzeko aukera ematen du Korrika.eus webguneak, bertan bildu baitituzte hamaika egunean euskaldunek eta euskaltzaleek errepidean utzitako irudiak. Argazkiez gain, hainbat bideo ere jaso ditu guneak, hala Euskal Herriko errepideetan grabatuak nola atzerrian egindako Korriketan hartuak. 21. Korrika amaitu bada ere, segi klika egiten!

digitalkiNORBERE EZAGUTZA digitalaren maila ezagutzeko eta hobetzeko doako tresna paratu du sarean Asmoz Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesarekin. Digitalki du izena, eta balio du neurtzeko zer gaitasun duten erabiltzaileek artxiboak erabiltzeko, arazoak konpontzeko, interakzioetarako, edukiak sortzeko... alegia, ingurune digitalean ohikoak diren jarduerak burutzeko. Batetik, konpetentzia bakoitzean duen maila ezagut dezake erabiltzaileak, ariketen bitartez. Bestetik, hobetu beharreko esparruetan prestakuntza eta aholku berezituak jasoko ditu. Doakoa eta anonimoa,https://gaitasundigitala.asmoz.org/ helbidean balia daiteke.