Konpromisoaren Klika

konpromisoa

Azkenaldian, euskalgintzak elkarlanerako esparru berriak eratu ditu, baina ez da nahikoa, euskararen alde egote hutsak ez duelako ekarriko normalizazioa: beharrezkoa izango da normalizazioaren ikuspegia gizartearen atal guztietan modu transbertsalean txertatzea, konpromiso kolektiboak hartuta. Hori dela eta, AEK-k eta Korrikak “esanetatik konpromisoetara jauzi egitea” eskatuta, hainbat arlotako 30 gizarte eragilek euskararen normalizazioa azkartzeko konpromisoak sinatu dituzte jendaurrean, Aro berriari, klika ekimenaren baitan; besteak beste, EAJ eta EH Bildu alderdi politikoek, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek, unibertsitateek, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta Save the Children erakundeak. Ekimena abian da oraindik, konpromisoak eragile gehiagok hartuko dituztelakoan; horretarako, atal berezia paratu da Korrika.eus webgunean. Jar gaitezen, bada, bidean, ameskeriak baino ez ziruditenak egia bihur daitezen.