Paris

parisCrémieux kaleko bizilagunak, erretratuetan ateratzeaz kokoteraino

Parisen gehien bisitatzen diren lekuen artean dago Crémieux kalea. Pastel-koloretako viktoriar estiloko etxez beteriko kalea da, soilik oinezkoentzakoa, eta auzotarrek ipinitako landare eta lorez hornitua. Xarmadun kalea, turistentzat zinez erakargarria: Parisko leku gutxitan ateratzen dira kale honetan baino argazki gehiago. Gainera, sare sozialen erabiltzaileen artean ere oso ezaguna da, batik bat Instagramen. Ondorioz, bizilagunek etengabe jasan behar izaten dute argazkirik originalena atera nahian bertaratzen den orotariko fauna: instagramer-ak, influencer-ak... Bada, dagoeneko nazka-nazka eginda daude, eguneroko bizimodua erabat baldintzatzen dielako: zaratak edonoiz, jendea  etxeetako atarietan argazkian ateratzeko paratzen... Askotan, gainera, ez dute edonola posatzen: koreografiak egiten dituzte, jauziak, musikaz laguntzen dituzte argazkiak... Kalea estua denez, auzotarrak halakoak saihesten ibili behar dira eguna joan eta eguna etorri. Hori dela eta, eskaera egin diote Parisko Udalari kalea itxi dezan, haien pribatutasuna babeste aldera; hori bai, jendetza gehien pilatzen den egunetan ixtea nahi dute, hau da, asteburuetan. Era berean, gauetan ere itxita egotea nahi dute, zaratarik ez sortzeko. Ikusi beharko da eskakizuna zertan geratzen den, Udalak oraindik ez baitu erabakirik hartu. Bitartean, bisitarien jarrera desegokiak salatzeko, Club Crémieux izeneko kontua sortu dute Instagramen. Parisera joatekotan bazarete, hor duzue nola ez jokatu erakusten duen makina bat adibide.