Komikiak

marvelMarvel argitaletxeko superheroien agerpen bateratuak ezagutu nahi?

Spider-Man, Hulk, Black Widow, Wolverine, Captain Marvel, Silver Surfer... Marvel argitaletxeko superheroien zale direnek pozik hartuko dute Angel Abad (Atxeta, 1978) garatzaileak sorturiko aplikazioa: Marvel Match, Marvel etxeko pertsonaien agerpen bateratuak bilatzeko tresna. Hots, bi superheroi elkarrekin zein komikitan azaldu diren jakiteko bilatzailea da. Berriki sareratu du Abadek Marvel Match (https://marvelmatch.com/). Berez, aplikazioa da, baina sarean ipini du oraingoz. Aiaraldea.eus hedabidean egindako elkarrizketa batean dioenez, Abad ez da superheroien aparteko zalea. Debian eta Ubuntu garatzailea da, eta web programazioa ikasi behar zuenez, bilatzailea egitea erabaki zuen, bere aisialdian. Software librean egin duenez, “nahi duenak hobetu egin dezake”. Erabilera oso sinplea du: bilatzailean topatu nahi diren bi pertsonaien izenak jarri behar dira, eta berehala agertuko da zein komikitan agertu izan diren elkarrekin. Oraingoz, Marvelen superheroiak bakarrik bilatzen ditu, baina zabaltzeko asmoa du. Hau da, “komikiak ez ezik, telebista saioak eta filmak ere agertzea”.