Hedabideak

hekimenDirulaguntzen eredu berria adostu dute erakundeek eta euskarazko hedabideek

Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, eta Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak euskarazko hedabideen jarduera diruz laguntzeko eredu berria adostu eta aurkeztu dute. Lau erakundeek eredu bateratua izango dute. Hedabideen jarduna egonkortzea xede, orain arteko irizpideak aldatu egingo dituzte. Hala, laguntzak esleitzeko baliatzen zen puntuazio sistemaren ordez, kostuen zati bat, % 30, estaliko dute laguntzek. Egonkortasuna bermatzeko ahaleginean, hiru urterako laguntzak (2019, 2020 eta 2021) ebatziko dituzte aurten. Guztira, 10,5 milioi erabiliko dituzte erakundeek, orain artean baino 3 milioi gehiago. Berrogeita hamar hedabide baino gehiago (tartean da AIZU!) batzen dituen Hekimenek positibotzat jo du egindako urratsa. Hekimeneko koordinatzaile Igor Astibiaren hitzetan, “oro har, eredu berriak aurrerapauso garrantzitsua ekarriko duela uste dugu”. Izan ere, sektorearen zenbait eskari historiko aintzat hartu ditu eredu berriak, hala nola sektorearen izaera estrategikoa aitortzea, egonkortasuna bermatzeko baliabide gehiagoren beharra eta kostuen azterketan oinarritutako laguntzak izatea. Nolanahi ere, sektoreak erronka gehiago badituela nabarmendu du Hekimenek, eta horiei erantzuteko elkarlana “funtsezkoa” izango dela, akordio hau lortzeko gertatu den moduan.