Kazakhstan

astanaAstana hiriburuari izena aldatu diote

Aurki geografia azterketaren bat edukiz gero, tentuz ibili: Kazakhstango hiriburuak jada ez du Astana izena, Nursultan baizik. Hala izendatu zuten martxoan, orain artean herrialdeko presidente izandako Nursultán Nazarbayeven omenez. Martxoaren 19an, dimisioa aurkeztu zuen, 30 urtez Kazakhstango presidentea izan ostean. 1991n independentzia lortu eta Sobietar Batasunekoa izateari utzi zionetik herrialdeak izan duen presidente bakarra izan da Nazarbayev: botere izugarria izan du urteotan, eta harekiko gurtza ere handia da herrialdean. Besteak beste, azpiegitura ugarik dute Nazarbayeven izena. Bada, hark dimisioa eman ostean, bitarteko presidente Kassym-Jomart Tokayevek proposatu zuen hiriburuari izena aldatzea, Nazarbayeven izena “hilezkor” bilakatzeko; parlamentuak aho batez onartu zuen aldaketa. Dena dela, ez da Kazakhstango hiriburuak izan duen lehen izen aldaketa. Nazarbayevek berak bilakatu zuen hiriburu Astana, 1997an, ordura arte hiriburu izandako Almatyren ordez. Orduan, Akmola zuen izena hiriak, baina 1998an Astana (Hiriburua esan nahi du) izena jarri zioten, hori ere Nazarbayeven ekimenez. Ea zenbat irauten dion izen berriak! Eta geografia azterketara itzulita... Astanako biztanleak astanarrak baziren, nola deitu Nursultango herritarrei?