Bertsolaritza

sotoJulio Sotok irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Bosgarren aldiz jantzi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela Julio Soto bertsolariak. 2019koa eskuratu aurretik, 2010, 2011, 2015 eta 2017koak ere irabazi zituen Gorritiko bertsolariak. Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatu zen finala, iragan martxoaren 23an, 1.350 ikusleren aurrean. Azken buruz burukora Soto eta Eneko Lazkoz igaro ziren, eta Soto gailendu zitzaion Lazkozi. Haien atzetik sailkatu ziren, hurrenkera honetan, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Julen Zelaieta, Eneko Fernandez, Xabat Illarregi eta Xabi Maia. Sotori Joxema Leitzak jantzi zion irabazlearen txapela. Hala, bertsolaritzaren alde egindako lan eskerga aitortu eta eskertu zion Nafarroako Bertsozale Elkarteak Leitzari. Nafarroako Txapelketako finala ez da martxoan jokatu den bakarra. Izan ere, martxoaren 30ean, Arabako Bertsolari Txapelketako finala jokatu zen, Gasteizen. Esku artean duzuen aldizkaria inprentan zenez, ezin jakinarazi irabazlearen izena lerrootan. Nolanahi, irakurleak dagoeneko jakingo du nork irabazi zuen Arabako txapela, ezta? Zorionak, bada, bi txapeldunei!

Argazkia: Josu Santesteban / XDZ