Higienea

bolakBolaz gainezka, bakterioz mukuru

Umeen gozagarri izan ohi dira koloretako plastikozko bolaz beteriko igerileku moduko esparruak. Alabaina, Georgia Iparraldeko unibertsitateko (AEB) ikertzaile talde batek jakinarazi duenez, bakterioz beteta egon daitezke. Gainera, horietako asko arriskutsuak izan daitezke osasunerako. Zientzialariek Georgia estatuko sei bola parke aztertu zituzten, beste horrenbeste ospitale eta osasun etxetan haurren terapia fisikorako erabiltzen zituztenak. Bakoitzean, 9 eta 15 bola bitartean aztertu zituzten. American Journal of Infection Control agerkarian argitaratutako emaitzetan diotenez, gonbito, gorozki eta txiza arrastoak topatu zituzten. Are gehiago, 31 bakterio mota eta legamia mota bat topatu zituzten, horietako zenbait oso arriskutsuak, ikertzaileen esanetan: Enterococcus faecalis, Streptococcus oralis edota Acinetobacter Iwoffii, besteren artean. Bakterio horiek hainbat gaixotasun eragin ditzakete, hala nola meningitisa, pneumonia, gernuko eta larruazaleko infekzioak... Horrenbestez, mota honetako bola parkeetan garbitasun protokolo zorrotzak betetzea aholkatu dute ikertzaileek.