Ardi Jokoa

aiaJoko erraldoia, Aiako historia ezagutzeko

Iazko irailetik, mahai joko berezi batean jokatzeko aukera izaten dute Aiara gerturatzen direnek: Ardi Jokoa. Frontoiaren ondoan, hamahiru metro luze eta sei metro zabal da jokoa, eta antzara jokoaren antzekoa da. Hots, parte hartzaileek 63 laukitxoz osatutako zirkuitua bete behar dute, eta helmugara iristen den lehenengoak irabazten du partida, noski. Laukitxo bakoitzean, Aiako historiari lotutako eszena bat ageri da, dela iraganekoa, dela gaur egungoa. Batzuek, gainera, azalpen labur bat dute. Jokatzeko modua antzara jokorako bera da, baina moldaketa batzuekin. Hasteko, dadoak barik, jokoaren erdian dagoen erruleta bat baliatu behar da; eta, antzarak barik, ardiak dira protagonista. Hala, ardiak ageri diren laukitxoren batean jausiz gero, “arditik ardira emaiozu bira” esan eta hurrengo ardira jauzi egin behar dute jokalariek. Arau sinpleak, erruletaren alboko taula batean jasoak, adin guztietako jendeari jokatzeko aukera ematen diotenak. Aiako Udalak bultzatuta, Laupauso estudioko Asier Erguin eta Esti Lizarreta diseinatzaileek eta Eneko Sanz historialariak sortu dute, Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak lagunduta. Orain, gainera, mahai jokoa ere eskura daiteke Aiako Kultur Etxean, 12 euroren truke.