Osasuna

polutionEguratsaren kutsadurak uste zena baino heriotza goiztiar gehiago eragiten ditu

Atmosferaren kutsadurak 790.000 heriotza goiztiar eragiten ditu urtero Europan; eta 8,79 milioi, munduan. Hala dio Mainzeko (Alemania) Medikuntza Unibertsitateko eta Max Planck Institutuko Kimika Saileko ikertzaile talde batek egindako ikerketak. Emaitzok txiki utzi dituzte orain arteko datuak. Esaterako, EIA Europako Ingurumen Agentziaren arabera, airearen kutsadurak 422.000 heriotza goiztiar eragiten ditu, urtero, Europan. European Heart Journal agerkarian argitaratu dute aipatu ikerketa. Kalkuluak egiteko, kutsadura eragiten duten hainbat elementuk heriotza tasetan duten eragina aztertu dute, eredu estatistiko berri bat sortuta. Hala, europarron bizi itxaropena zenbat murrizten den ere kalkulatu dute: 2,2 urte. Emaitzak ikusita, ikerketaren egileek ohartarazi dute airearen kutsadurari ematen zaion garrantzia eskasa dela. Izan ere, jendeak, oro har, argi du tabakismoak edota elikadura kaskarrak osasunari kalte egiten diotela. Eguratsaren kutsadurari, aldiz, ez zaio hainbeste erreparatzen, baina beste bi faktoreak bezain kaltegarria da; are kaltegarriagoa, beharbada.