Suedia

alferIa deus ez egin beharreko lana nahi?

Goizero Goteborg hiriko Korsvägen-eko tren geltoki berrira joan, argi fluoreszente batzuk piztuko dituen erloju batean fitxatu, eta egunaren amaieran argiak itzaltzeko eta lanaldia amaitu dela erregistratzeko itzuli. Bien bitartean, sudur puntan jartzen zaizuna egin. Hori guztiori, hilean 2.000 euro pasatxoko soldataren truke, kontratu mugagabearekin, soldata igoerekin, oporraldiekin... Gainera, ez da inolako prestakuntzarik behar, eta munduko edozein herrialdetako biztanleak aurkez daitezke. Halakoxea da Simon Goldin eta Jakob Senneby artistek zabaldu duten lan deialdia. Berez, Eternal Employment izeneko proiektu artistikoaren parte da. 2017an, Suediako Arte Publikoko Agentziak eta Suediako Garraioaren Erakundeak lehiaketa antolatu zuten, eraikitzear den Korsvägen-eko tren geltokiaren diseinuari ekarpenak egiteko. Goldinek eta Sennebyk Eternal Employment proiektua aurkeztu zuten: argi fluoreszentedun erlojua eraiki, eta egunero langile bati hara joateagatik ordaintzea, nahiz eta gero, goizean eta arratsaldean bertan agertzeaz gain, beste lanik ez lukeen egin behar. Lehiaketa irabazita, 600.000 eurotik gorako aurrekontua izango dute proiektua garatzeko. Diru hori baliatuko dute, hain zuzen, aukeratutako langilearen soldata urte luzez ordaintzeko. Hori bai, lanposturako eskakizunak ez dituzte 2025era arte jasoko, eta hautatzen den langilea 2026an hasiko da lanean, urte horretan irekiko baitute geltoki berria. Jakina, hain deialdi xelebreak kritika ugari eragin ditu. Artistek azaldu dutenez, esperimentu soziala egin nahi dute, ikusteko ea zentzurik gabeko lanpostu batek, erakargarria izan arren, apatia eta asperdura eragin ahal dizkion langileari. Bestetik, erakutsi nahi dute adimen artifizialaren eta automatizazioaren hedapena dela kausa, gizabanakook ez garela beharrezkoak izango ekoizpen prozesuan. Artistek onartu dute absurdoa dela norbaiti soldata ordaintzea egunean bitan geltoki batean agertzeagatik, baina horixe islatzea omen da, finean, egitasmoaren ideia nagusia. Zentzugabekeria ala pagotxa?