Herri oso baten ametsa gauzatzea izan zen, nolabait, Everesteko gailurra

olasagastiRamon Olasagasti
Kazetari eta itzultzailea

Everest: Herri oso bat gailurrean (Sua argitaletxea, 2018) komikiaren egilea da Olasagasti (Berrobi, 1972), Cesar Llaguno marrazkilariarekin batera. Bilbao Mendi Film Festivalaren eskariz, 1980an Everesteko tontorra zapaldu zuen lehenengo euskal espedizioaren nondik norakoak kontatu dituzte. Lehen komikia du, baina mendiari eta bidaiei buruz asko idatzitakoa da; bai prentsan urte luzez, bai hainbat liburutan. Egun itzultzailea da, eta haur eta gazte literaturan aritzen da batez ere; Xabier Lizardi Saria bitan irabazi du, 2014an eta 2018an.

1980ko maiatzaren 14an, herri oso batek zapaldu zuen Everesteko gailurra?
Bai. Hamabi lagun zeuden, batek zapaldu zuen, baina hedaduraz, han zeuden beste taldekide guztiek ere bai, eta gero, Euskal Herrian, aspalditik zetorren amets horren atzean zeuden beste guztiek ere bai. Everesteko tontorra ez da munduko mendirik altuenaren azken metroa, da sinbolo bat ia-ia. Nik uste Everest aukeratzearen helburuetako bat ere hori zela: herri txiki honek zertarako gaitasuna duen erakustea. Gailur horrek sinbolizatzen du hori dena. Herri oso baten amets bat gauzatzea, nolabait.
Nolakoa izan duzu Everest honen igoera?
Oso polita. Biok ala biok hartu genuen ilusio handiz. Goxoki bat da. Errespetuz ere bai, komikiaren lengoaia ez nuelako menderatzen. Baina ibilian-ibilian lortu dugu fintzea kazetaritzako hizkuntza, ekarri dugu nolabait komikiaren formatura, eta oso lan polita izan da. Cesarrek eta biok ere oso ongi hartu dugu elkar. Mendiko marrazkera horretarako dohain berezia dauka, eta oso marrazki indartsuak egin ditu.
Durangoko azokan euskarazko edizioa agortu zen. Pozik erantzunarekin?
Bai, oso harrera beroa izan du. 50 urtetik gorakoek oso gogoan dute igoera, bizi izan zen emozio hura... Ondorengo belaunaldiek ere, esango nuke baietz. Belaunaldi gazteek beharbada ez, eta alde horretatik, komikiaren ekarpenik handienetako bat hori izan daiteke: hura ezagutu ez zuten belaunaldiek jaso ahal izatea zer gertatu zen, nola izan zen, eta zer oihartzun izan zuen.
Gaur egun, halako zirrara eragingo al luke espedizioren batek?
Egun espedizioak gehiago dira kirol lorpenak, mugarri deportiboak. Baina hemen kultura, kirola, gizartea... egoera soziala beste bat zen. 1979an jo zuten euskaldunek lehen zortzimilakoa (Dhaulagiri, nafarrek), baina Everest handiena zen. Guztiaren uztarketa bat izan zen. Hortaz, errepikatzea nik uste ezinezkoa dela. Antzekoak bizi izan ditugu; adibidez, Euskal Herriak bizi izan zituen Iñurrategi anaien zenbait igoera oso gertutik, baina kirolari lotuago zeuden lorpenak ziren. Konponente sozial hori ez zen ja hain nabarmena. Zaila izango da holako zirrara bat berriro bizitzea.
Euskaldunok mendizaleak omen. Topikoa, ala ez?
Ez. Uste dut egia dela. Datuek ere erakusten dute: hemen adina federatu ez dago penintsulan beste inon. Katalunian ere badaude, baina uste dut hemen proportzionalki gehiago direla. Edozein menditara atera eta euskaldunak topatzen ahal dituzu; egun, korrika asko eta asko; eskalatzen ere asko... Bai, euskalduna herri mendizalea da. Mendi inguruan bizi gara, eta gero, kirolarekiko badaukagu ez dakit gose bat edo zer den, edo kutsatzen garen bata bestearekin, baina kirola ere asko egiten da orokorrean.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Umeekiko komunikazio goxoak.
Eta tristatu? Umeekiko haserrealdiek.
Zerk eragiten dizu barrea? Umeen inozentziak.
Eta negarra? Nire bizitzan izan diren zenbait galerak eta horien oroitzapenak.
Zerk haserrerazten zaitu? Berekoikeriak, orokorrean. Oso geurekoiak garela, eta ez garela gai pixka bat begiratzeko ondokoari.
Bizio bat: Gozoa.
Mendi bat: Hiru: Uzturre, etxetik noiznahi, eta mendi soziala guretzat; Txindoki, baita ere hurbil eta oso ederra delako; eta Urdelar, herriko lagun bat hor dagoelako.
Mendizale bat: Zaila egiten zait... Alberto Iñurrategi beti iruditu zait eredugarri alde guztietan.
Eñaut Mitxelena