Bestelako liburutegiak

Publikoak, pribatuak, gai eta arlo jakinei lotuak, orokorrak, helduenak, haurrenak, irekiak, erabiltzeko mugatuak, mugikorrak... oinarri bera izanagatik, askotariko jite eta ezaugarrikoak dira liburutegiak. Horien artean, topa ditzakegu liburutegi alternatiboak. Gizarte mugimenduen edota mugimendu alternatiboen ekimenez sortuak asko eta asko, gehienetan ikuspegi kritikoa lantzeko asmoz, eta ohiko eskaintzaz kanpoko bideak jorratzeko ahalegina egiten dutenak. Eskaintza bereziagoa dutelako, antolaketa eredu ezberdinak dituztelako, esparru jakinei erreparatzen dietelako edota bestelako arrazoiengatik, ez dira liburutegi arruntak. Arruntak ez, baina bai liburutegi. Alegia, ezinbesteko zerbitzuak, jakintza biltegi ez ezik, jakintzaren zabaltegi ere badirenak. Ikasteko grinaz nahiz irakurtzeko gogoz edota ikasteko gogoz nahiz irakurtzeko grinaz gerturatzen den edonoren etxe. Eñaut Mitxelena, Maider del Olmo, Esti Lanao.

angiolillo

“Ez da liburu biltegi soila; batez ere, liburu aurkezpenak egiten ditugu”

Liburuetako istorioek eta historiak bat egiten dute Bergarako Gaztetxeko Angiolillo liburutegian: gaztetxe bilakaturiko presondegian, Michele Angiolillo anarkista (Foggia, Italia, 1871-Bergara, 1897) preso eduki zuten ziegan dago liburutegia. Aser Polvorosa (Bergara, 1973) liburutegiaren arduradunak erakutsi digu hain leku berezia.

Kartzela Zaharra izenez da ezaguna Bergarako Gaztetxea. Izan ere, egun gaztetxea dena presondegia izan zen: 1841ean, Bergara barruti judizialeko buru izendatu, eta epaitegia eraiki zuten 1866 eta 1870 urteen artean, baita espetxea ere. Urte zehatza ez daki Polvorosak, baina garai hartan izan zela diosku. XX. mendearen bigarren erdian itxi zuten. “Nik uste 70eko hamarkadarako geratu zela hutsik” dio Polvorosak.
2000. urtean, herrian babes zabala izan zuen eskaria aintzat hartuta, Udalak Bergarako Gazte Asanbladari laga zion, eraikinak gaztetxea har zezan. Ordutik, Gazte Asanbladak eta herriko beste hainbat kolektibok jarduten dute bertan, eta haiek kudeatzen dute modu asanblearioan. “Urtean, 100dik gora ekitaldi egiten dira hemen”, tartean Angiolillo liburutegiak antolatzen dituenak.
Eraikinak, guztira, 20 zelda ditu, 10 beheko solairuan eta beste horrenbeste goikoan, eta horietako batean dago liburutegia, behean. Jakina da Angiolillok bertan igaro zituela bere bizitzako azken hamabi egunak, preso. Anarkista italiarrak Antonio Canovas del Castillo (Málaga, Espainia, 1828 – Arrasate, 1897) politikari eta orduko Espainiako gobernuburua hil zuen, 1897ko abuztuaren 8an, Arrasateko Santa Ageda bainuetxean oporretan zela hiru tiro jota. Canovas hil eta berehala atxilotua, azkar asko epaitu eta hil zuten, 1897ko abuztuaren 20an, kartzelako patioan garrotez.
Izenak ez ezik, liburutegiko beste zenbait elementuk ere gogora dakarte anarkista italiarra. Ziegako paretetako batean, Txori marrazkilariak egindako irudi bat dago, non Angiolillo eta Canovas ageri diren. “Fly Shit taldeak gaztetxean egin zuen kontzertu baterako sarreretan ageri zen marrazkia, eta liburutegian ipintzea erabaki genuen”. Garrotearen hala moduzko erreplika bat ere badute.
Liburutegiak ez du beti Angiolilloren izena eduki. Berez, 2000. urtean gaztetxea zabaldu zutenetik, lau liburutegi proiektu izan dituzte. Orain martxan denak, laugarrenak, hartu zuen anarkista italiarraren izena. Izan ere, “hauxe da gela honetan egon den bakarra; aurrekoak beste ziega batzuetan egon ziren”. Angiolilloren zelda, liburutegia izan aurretik, “komuna izan zen, eta gero biltegia”. 2010ean, “zelda hau hustea erabaki genuen, eta liburutegi berria jartzea. Orduan gogoratu ginen Angiolillo hemen izan zutela. Gainera, gutako batek Fly Shit taldearen kontzertuko sarrera zeukanez, argiago ezin: Angiolillo liburutegia izena ipini genion”. Honek ere ezagutu ditu etenaldiak: “Urte eta erdiz edo itxita egon zen”. Halere, orain dela bizpahiru urte berriz abian jarri, eta "dagoeneko nahiko finkatuta dago".
Hori bai, “ez da liburu biltegi soila. Liburu onak daude, baina gehiago da: batez ere, liburu aurkezpenak egiten ditugu hasieratik. Guztira, Angiolillo liburutegiaren bi garaietan, 50 inguru”. Besteak beste, zelda honetatik igaro dira Jakue Paskual, Jesus Valencia, Uxue Alberdi, Floren Aoiz, Aoztar Zelaieta, Koldo Izagirre (Angiolilloren heriotzari buruz Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri liburua idatzi zuen)... Larga vida a RIP liburu-fanzinea ere aurkeztu zuten. Polvorosak zehaztu digunez, “literatura kontuak, neurrian. Guk nahiago ditugu kontu informatiboagoak. Zainetatik informazioa nahi izaten dugu!”. Horrekin batera, Aittor Arantzabalek idatzi eta auzolanean egindako Angiolillo liburua ere argitaratu zuen liburutegiak.
Aurkezpenez gain, nolanahi ere, liburu sorta polita topa daiteke, gaien arabera banatuak: kontu sozialak, mundua, emakumeak, sozialismoa, politika, ekologia... Zehazki zenbat diren ez daki Polvorosak. Hori bai, ateak zabalik dituzte liburuak jasotzeko. Hain justu, horrela hornitu izan dute orain artekoa. Besteren artean, “Gasteizko Gaztetxeak emandakoak dauzkagu. Bergarako UNEDeko liburuzainak ere eman zizkigun hainbat liburu. Euskaltegiak ere, antzera. Gasteizko ZAPateneoko liburutegi asoziatiboko bazkidea naizenez, handik ere ekartzen nituen. Horrez gain, jendeak ere mordoa ekartzen digu”. Den-denak dituzte jendearen eskura: “Gaztetxea zabalik badago, etorri, hartu, zer hartu duzun apuntatu, eta kito!”.
testi

“Emakumeen Dokumentazio Zentroa gure memoria kolektiboa da”

Bilbon dago emakumeei eskainitako liburutegi espezializatua, eta Maria Jose Sola da arduraduna (Bilbo, 1961). Gordailu mardula du eskuartean. Mugimendu feministaren ondarea, bertakoarena, behintzat bai: zapalketaz nahiz errebeldiaz mintzo diren ehunka eta milaka kartel, dokumentu, bibliografia, aldizkari, DVD eta liburu.


Maite Albiz du izena Emakumeen Dokumentazio Zentroak, sortzaileetako baten omenez. Albiz kazetaria izan zen, eta lan handia egin zuen, 80ko hamarkadan, Bilbon, Emakumeen Dokumentazio Zentroak aurrera egin zezan. Bizkaiko Emakumeen Asanbladak sustatuta, 1982. urte inguruan  jarri zuten martxan hainbat emakumek hasiera bateko artxibo hura, autogestioan oinarrituta.
Asanblada horretako kide izan da urte askoan Maria Jose Sola liburuzaina eta Zentroaren egungo arduraduna; 2005. urteaz geroztik dabil zeregin horretan. Egun, mugimendu feministarekin lotura estua izaten segitzen du; gainera, bere lanerako ezinbestekotzat jotzen du “kalearekin harremana izatea”. Bilbotarra da, Santutxu auzokoa, eta bertako emakume taldean hasi zuen bere ibilbidea mugimendu feministan, oso gaztea zelarik.
Maite Albiz Zentroak Bilboko Udalaren eta bestelako erakunde batzuen dirulaguntzak jasotzen ditu egun, hasieran ez bezala. 1993ra arte eutsi zioten erabateko autogestioari, dirulaguntzei muzin eginez. Urte hartan, baina, bestelako erabakia hartu zuten: “Diru hori gurea ere bazela iritzita, laguntzak eskatzea erabaki genuen. Gainera, hori gabe zaila ikusten genuen aurrera egitea”.
Hala, La Bolsa eraikineko liburutegia Udalak utzitako lokala da. Izen horrekin da ezagun Pilota kaleko udaltegia. Edozelan ere, kontu ekonomikoak gorabehera, Solak zein bere lantaldeak erabakitzeko ahalmen handia dutela nabarmendu dute, Zentroaren kudeaketari dagokionez.
Bertara jo ohi duten gehienak andrazkoak dira. Erabiltzaileek dokumentuak bertan kontsultatzen dituzte, edo etxera eramaten dituzte maileguan hartuta. Hezkuntza arlokoak dira kontsultagile asko, Leioako eta Deustuko unibertsitateetako ikasleak, doktoretza egiten ari diren neskak edo masterretako ikasleak. Azken boladan, adibidez, transexualitateari buruzko kontsultak ugaritu dira; intersexualitateaz edota queer mugimenduaz jakin nahi dute gazteenek.
Materialaren ugaritasuna nabarmena izanagatik, ez da anabasarik antzematen. Alderantziz, dena txukun sailkatuta dute, 17 gairen arabera: osasuna, sexualitatea, hezkuntza, filosofia, kultura… Hori nahikoa ez balitz bezala, bertaratuek Solaren laguntza  izaten dute bilatzen ari direna aurkitzeko: “Bai, orientabide lana ere egiten dut. Adibidez, berriki, duela urte batzuetako kontu bategatik etorri dira batzuk, Basauriko 10 emakumeren kontrako epaiketa baten harira, abortuaren gaiagatik, lan baterako dokumentazio bila, zehazki”.
Memoriaren garrantzia nabarmendu du liburuzainak: “Emakumeen Dokumentazio Zentroa gure memoria kolektiboa da. Askotarikoa da, gainera, eta ondo islatzen du feminismoaren baitako aberastasun hori”.  Ez da, ordea, memoria hila, bizia baizik. Pentsamendu eta jarduera feminista artxibatzeko eta zabaltzeko balio du lekuak.
Bestalde, azkenaldian, beste lan batekin dabiltza Dokumentazio Zentroan: birkatalogazioa. Banan-banan, ale guztiak ari dira berriro katalogatzen. Zeregin horretarako, laguntzaile bat du Solak; izan ere, EAEko liburutegien sare publikoan sartzeak horretara behartu ditu. Horrela, behin lana amaituta, edonoren esku egongo da, sarean, Dokumentazio Zentroko katalogoa, osorik ikusi ahal izateko.
Euskarri digitalei erreparatuz gero, material kopurua handia da. Dokumentuak ez ezik, bertako altxor kutuna ere formatu digitalean dute gordeta: 1.200 kartel inguru, Euskal Herriko mugimendu feministaren bilakaeraren isla iruditan.
Euskarazko lanei buruz ere hitz egin du Solak: “Denboran oso atzera joan beharrik ez dago. Orain dela gutxira arte, ia ez genuen ezer euskaraz. Azken bost urteotan, baina, dezente ugaritu da euskarazko lanen kopurua, eta joera horixe izango da, goranzkoa”.
Solak ez du nahi izan aipatu gabe utzi beste liburutegi bat: “IPESek Iruñean duen liburutegia gure ahizpa bikia da, garai bertsukoa eta antzekoa”.

zapateneo

“Giza mugimenduen hazitegi bat da ZAPateneo”

Duela hamazazpi urte ireki zituen ateak ZAPateneo liburutegi alternatiboak, Komite Internazionalisten, Gasteizko talde antimilitaristaren eta Bilboko Likiniano elkartearen eskutik. Gasteizko Zapatari kaleko 93. zenbakian du lokala, eta Migel Matute (Laudio, 1972) hasiera-hasieratik arduratu da, beste zazpi lagunekin batera, lekua aurrera eramateaz.

Liburutegiaren izenak berak iradokitzen du tokiaren funtsa zein den: “Ateneo baten filosofia du, azken finean. Jendea elkartzeko eta gauzak elkarren artean egiteko leku bat da”. 2002. urtean hasi zuten ezagutzak zabaltzeko ibilbidea, eta orduan finkatu zuten helburua. Matuteren hitzetan, “ideia zen, hasiera batean, pentsamendu kritikoari buruzko eta gizarte mugimenduentzako baliagarriak izan zitezkeen materialak biltzea eta eskaintzea”. Horrekin batera, beste xede bat ere badute: “Kolektiboei eta norbanakoei, besteak beste, eztabaidak, liburuen aurkezpenak eta bilerak egin ahal izateko lekua eskaini nahi diegu”.
Duela hamarkada batzuk ohikoa zen moduan, ZAPateneok bazkide bidezko liburu dendaren izaera du. Matutek azaldu duenez, “lehen, oso ohikoa zen bezero batek liburu denda kontu bat izatea; bere izena eman eta diru kopuru bat aurreratzen zuen. Guk halaxe egiten dugu, eta dagoeneko badugu 50 bazkide inguru”. Hala ere, proiektua ez dute jotzen ez lanbidea ez soldata izateko bidetzat: “Gure kasuan, hasieratik planteatu genuen ez genuela merkataritza arlora eraman nahi; gure asmoa da lokalak berak bizitza izatea. Ateneoaren berezko ezaugarri hori betetzea, hain zuzen ere”. Horregatik, liburu denda bigarren mailan dago, eta gehienetan informazio eta ezagutza trukea gertatzen da. “Norbaitek bere proiektua, lana, diskurtsoa edo dena delakoa aurkeztu nahi badu, horretarako aukera ematen diogu. Beste batzuetan, geuk jotzen dugu interesatzen zaigun subjektuarengana” zehaztu du Matutek.
Hamazazpi urte hauetan, askotariko jendeak erabili du, eta “giza mugimenduen hazitegi bat” izan direla esan ohi dute: “Kolektibo pila bat biltzen da hemen, gauzak gordetzeko, bilerak egiteko, etab. Alde horretatik, ikaragarria izan da garapena”. Azken finean, ekintzarako eta hausnarketarako material baliagarria eskaintzen dute: “Ekologiari, feminismoari edo bestelako gai sozialei buruzko liburuak, saiakerak, ditugu gehienbat”. Horri esker, “erabiltzaileengan eragitea” lortzen dute, eta hori “pozgarria” da haientzat. Ikuspuntu “autonomo eta libertarioa” dute ZAPateneon, baina ez dute mugarik jartzen: “Askotariko ikuspuntuak daude, oso ezberdinak, betiere ildo erradikal edo kritikoarekin, eta ezkertiarra. Baina ezkerra oso zabala da, eta zabaltasun horretan denetarik egon daiteke”.
Gainera, bai gazteak bai helduak gerturatzen dira liburutegira. “Oso belaunaldiartekoa da lokala. Adineko asko astero etortzen dira, eta gazte gehienak ideologia erradikal baten inguruan oso interesatuta”. ZAPateneoko kideak eurak dira horren adierazgarri: “Liburu denda, proiektua eta lokala kudeatzen ditugunon artean, gazteenak 23 urte ditu, eta zaharrenak 70. Tartean, hamarkada bakoitzeko bat dagoela uste dut”. Generoari dagokionez ere sumatu dute aldaketa. Hala, “emakumeen presentzia gero eta nabariagoa da eztabaidetan eta publiko artean. Kolektiboan, zortzitik hiru dira andrazkoak”.
Mugitzeko eta antolatzeko grina dago gaur egun, eta gero eta gehiago. Horregatik, proiektuak etorkizuna duelakoan dago Matute: “Beharrezkoa ikusten dugu Gasteizen honelako lokal bat giza kolektiboentzat, jendea biltzeko eta proiektu berriekin hasteko. Alde horretatik, etorkizuna ikusten diot”. Liburu denda, esan bezala, “bigarren mailan” geratu zaie: “Liburuak antolatzeaz arduratzeak motibatu egiten gaitu, baina ezin dugu dena aurrera eraman, zoritxarrez”.
Helburu nagusia, beraz, aurrera segitzea eta lokalaren eskaintzari eustea dute: “Ez bakarrik guretzat, proiektu bat aurrera ateratzeko asmoz etortzen den edonorentzat ere bai. Erraztasunak jartzen ditugu horretarako”.