Nola joan dira 21. Korrikaren hasierako eguna prestatzeko lanak?

ikamika

Garesen hasiko da 21. Korrika. Hiru mila biztanle baino gutxiago dituen Izarbeibarko herria nabarmen aldatuko da apirilaren 4an. Goizean goiz hasiko da mugimendu berezia antzematen: furgonetak, autoak, kazetariak, kamerak, urduritasuna, zirrara, jai giroa... Mugimendua, ordea, aspaldi hasi zen garestar asko eta askorentzat, Korrikaren hasiera ez baita aste pare batean antolatzen. Errobi AEK euskaltegiko irakasleek eta ikasleek ondotxo ikasi dute hori, baita Korrikaren hasieran laguntzeko hara hurbildu diren euskaltzale guztiek ere. Eguna heltzear, nola bizi izan duzue hori guztia? Hartu duzue parte 21. Korrikaren hasieraren antolaketan? Eta nolako giroa sumatu duzue herrian?
Izarbeibarko Errobi AEK euskaltegiko B2 mailako arratsaldeko taldea.

1. Javi
Betidanik, Korrikak oso bereziak izan dira niretzat. Aurten gure herrian hasiko denez, ziur nago oso hunkigarria izango dela garestar euskaldun guztiontzat. Duela hil dezente hasi ginen prestaketekin, eta ni boluntario ariko naiz egun horretan. Egun polita pasatuko dugu, ekintzaz eta sentimenduz beteta. Gares herria euskararen mapan jarriko dugu!
2. Ixone
Berria eman zidatenean, zirrara handia sentitu nuen. Orain dela bi urte, seme-alabek lekukoa eraman zuten, eta oso hunkigarria izan zen. Aurten Garesen hasiko dela pentsatzeak izugarri pozten nau! Egunean bertan lan handia egin beharko dugu, bai eskolan bai Korrika ekimenean. Dena bukatutakoan, parranda handia egingo dugu!
3. Esti
Emozio handiarekin bizi izan dut berri hori, oso garrantzitsua baita Korrika gure zonaldean hastea, honela euskarak gurean presentzia handiagoa edukiko duelako. Egun osoan parte hartuko dut antolakuntzan, boluntario, eta herritarrak urduri sumatu ditugu. Gogo handiz hartuko dugu apirilaren 4a. Klika Korrika!!!
4. Xabi
Garesek eta garestarrok emozioz hartu genuen berria, oso inportantea baita Euskal Herriko erdialdean euskara biziberritzen ari dela adierazteko. Egun horretan lan handia egin beharko dugu, baina espero dut ondo pasatzeko astia ere edukitzea!
5. Elena
Euskaltegira etorri baino lehen, Korrikan parte hartu izan dut, eta euskara ikasten hasi nintzen gero eta gogo gehiagorekin. Aurten, aukera oso berezia dela uste dut, eta ez guretzat bakarrik, Gares herriarentzat ere bai! Korrikaren hasiera eguna jai hartu dut lanean, prestaketetan lagundu ahal izateko. Gutxi falta da hasteko, eta herrian urduritasuna sumatzen hasi da. Ika, Ika, Klika Korrika!
6. Willy
Jakin genuenetik, sekretuari eustea arras zaila egin zitzaigun, baina berehala hasi ginen jo eta su prestaketetan. Hasierakoa lan handia izan da guretzat; hala ere, prestatu bitartean  oso une politak bizi izan ditugula esan dezaket. Espero dut Korrikaren hasiera bultzada handia izatea gure herriarentzat. Euskara berreskura dezagun!