Utopia eskuekin eraikitzen

zorokiain

Ametsak dituzte iparrorratz. Duela bost urte, Zorokiain (Untzitibar) herriaren hondarrak erosteko aukera izan zuten Errekazar bizilagun elkarteko kideek, eta, harrezkero, beren ametsen bizilekua izango den herria eraikitzen ari dira. Ahanzturaren sasiz inguratua zegoen herriak beste aukera bat izanen du. Hala, hogei urte luzez mutu egon diren karrikak haurren irribarrez eta algaraz jantziko dira, eta halaxe berpiztuko da herriaren bihotza. Arkaitz Almortza. Argazkiak: Iban Aginaga.   

Herri txiki askoren argiak itzali egin dira Nafarroan azken mende erdian. Landatik hirirako exodoak gogor kolpatu zuen herrialdea 1950eko hamarkadan, eta, ondorioz, herri asko hutsik geratu ziren lurralde osoan. Datuen arabera, Euskal Herrian, Nafarroan dago herri abandonatu gehien.  Haatik, azken urteotan, kontzientzia aldaketa gertatzen ari da emeki-emeki lurraldean, eta abandonaturik edo hutsik dauden herriak berriro berpizten ari dira. Horren adibide da, esaterako, Zorokiain herria, Untzitibarren, Izaga mendiaren magalean. Izan ere, 2004tik ez zenez inor bizi bertan, gero eta gehiago itzaltzen ari zen. Hori dela eta, 2013an, lurren eta hondarren jabegoa zuen bizilagunak bere ondarea saltzea erabaki zuen, ondorengo belaunaldiei atea ireki eta herriaren etorkizuna bermatzearren. Une horretatik aurrera, gazteak beren utopia eraikitzen hasi ziren.
Hastapenetan, hiriko lau familia hasi ziren Zorokiain herria berpizteko ametsa gauzatzen; besteak beste, Iosu Biskarret iruindarra. “Proiektuaren berri izan nuenean, berehala batu nintzaion. Aurretik herri okupatu batean ibilia nintzen zaharberritze lanak egiten, eta Zorokiaingo egitasmoarekin bat egiteko aukera eskaini zidatenean, ez nuen zalantzarik izan; oso interesgarria iruditu zitzaidan” azaldu du.  “Hasieran lau familia ginen, baina oraindik bazegoenez jende gehiagorentzako lekua, lagun gehiago bilatzen hasi ginen proiektua indartzeko”. Orotara, 150.000 euroan erosi zituzten bost etxe hondar eta bi larrain. “Oso kasu bitxia da, ez baita batere ohikoa herri oso bat ipintzea salgai” nabarmendu du.
Ilusioaren argipean hasi ziren haien ametsak egia bilakatzen. Familia bakoitza buruan irudikatzen zuen etxea eraikitzen hasi zen paperean, ostean ideietatik errealitatera salto egiteko. Alabaina, bidean, espero ez zuten oztopo batekin egin zuten topo: Untzitiko Udalak esan zien proiektua aurrera eramateko herria urbanizatu egin behar zela. “Hasiera batean, Udalak esan zigun guk geuk urbanizatu behar genuela herria etxeak eraikitzen hasi aurretik. Hala, arkitekto batekin jarri ginen harremanetan, urbanizazioaren proiektua bideratzeko; gure asmoa zen herriko kaleak aurkitu genituen bezala uztea, gutxi gorabehera”.
Gauzak horrela, bi urtez ibili ziren buru-belarri proiektua bideratzeko. Halere, urbanizazio plana diseinatzea lortu zutenean, eskumena Udalarena zela ikusi zuten, eta, azkenean, ibarreko herri administrazioak hartu du bere gain obra, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. “Guztira, bost urte eman ditugu burokrazia katramilatsu honetan, baina, azkenean, badirudi lanak aurten eginen dituztela, eta, horrenbestez, amaitu ostean gure etxeak egiteko txanda izanen da”.  Bien bitartean, lagun gehiago sartu dira proiektuan, eta une honetan 9 familia daude: 18 heldu eta 11 haur (12.ena abuztuan iritsiko da). “Egun, 3 haur daude bailara osoan; beraz, gure herriarekin ibarra gaztetu egingo da” azpimarratu du.
Soinez soin
Ama lurraren bihotzean altxatuko dituzte beren etxeak zorokiaindarrek. Horiek horrela, bizilagun askok etxe iraunkorrak eraikiko dituzte, naturarekin bat egin dezaten. “Hasieran, herri osoan eguzki plakak, komun lehorrak… jartzea aurreikusi genuen, baina legeak zera dio: egin nahi duzuena, baina lehenengo, urbanizatu”. Beraz, lursail guztiek izanen dute oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea, eta bizilagun bakoitzak erabakiko du sarera konektatzen den ala ez.
Gemma Peñaren begiek dirdira berezia dute bere etorkizuneko etxearen inguruan mintzatzen denean. Iraunkorra izanen da, naturarekin bat egiten duena. “Nire bikotekidea, hiru semeak eta neu biziko gara herrian. Oso polita izaten ari da prozesua, gure etorkizuneko etxea gure eskuekin eraikitzen ari garelako” azpimarratu du. “Gure familiarentzat inportantea da naturarekin dugun harremana, haurrak zoriontsuak dira herrian” dio.
Etxeak eraikitzeko argi berdea izan artean, XIII. mendeko San Andres eliza ari dira berreraikitzen, auzolanean. Iruñeko artzapezpikutzari 5.000 euroan erosi ostean, herriko elkartea, herriko etxea, izanen dena eraikitzen ari dira bizilagunak soinez soin.  “Teilatua konpondu ostean, sakristian sukaldea egin dugu; horrez gain, igandero, bizilagunon plaza nagusia izanen dena konpontzen ari gara” azaldu dute bizilagunek. Auzolanak eta batzarrak izanen dira eraikitzen ari diren herriaren zutabeak. “Guretzat, prozesua bera garrantzitsua izaten ari da, hirian ikasi ditugun kontzeptuak herri honetan jarri baititugu praktikan” dio Peñak. 
Prozesu honetan, gainera, tokiko hizkuntza berreskuratuko dute bizilagunek, gehienak euskaldunak baitira. “XIX. mendearen hasieran galdu zen euskara hemen. Egun, eremu ez euskaldunean gaude, eta, beraz, erronka polita izango da guretzat herrian euskaraz bizi ahal izatea” diote Peñak eta Biskarretek. Azaldu dutenez, herriko haurrak Urrozko eskolara eramaten badituzte, D ereduko lerro bat zabaltzeko aukera egonen litzateke egungo eskola erdaldunean.
Oraindik bidea egin behar badute ere, ilusioa dute gidari. Dagoeneko ospatu dituzte herriko jaiak, bizilagunen arteko harremanak indartzeko asmoz. “Oso giro polita sortu da gure artean” diote. Izan ere, azpimarratu duten bezala, taldean, auzolanean, giro ederrean... errazagoa da ametsak egia bilakatzea. Guztiak elkarrekin, utopia eraikitzea lortzen ari dira.

Herriak berpizten

Zorokiaingo kasua bitxia izan da Euskal Herrian, itzaltzear zen herria berpiztea lortu dutelako.  Haatik, Nafarroan, hainbat herri daude abandonaturik, baina gero eta lagun gehiago ari dira herri txikiak berpizten, okupazioaren banderapean. Datuen arabera, 8 herri inguru daude okupaturik lurralde osoan. “Gure kasua ezberdina da, ezin da gainerakoekin alderatu” azpimarratu du Biskarretek. Hala, azaldu duenez, Nafarroan dauden herri okupatuak, gehienetan, publikoak dira, 40ko hamarraldian erosi baitzituen Nafarroako Gobernuak, baina pixkanaka itzaltzen utzi zituen. “Hor legitimitate handia dago okupatzeko, herri publikoak direlako, eta, Nafarroako Gobernuak ez baditu mantentzen, erori egiten dira”.
Untzitibarrera iritsi aurretik, herri okupatu bat berpizten ibili zen zorokiaindarra, eta, beraz, ongi ezagutzen du errealitatea. Hori dela eta, garbi mintzo da Fraguasko (Gaztela-Mantxa) kasuaz, zeinetan abandonaturik zegoen herri bat okupatzeagatik eta berpizteagatik espetxe zigorra ezarri nahi dieten proiektuko gazteei: “Lotsagarria iruditzen zait. Eraiki dutena botatzeko ere ordaindu beharra daukate!” esan du. “Badirudi legezkoa ez dena gaizki dagoela, baina, borondatea egonez gero, legea aldatu eta kito!” nabarmendu du. 

Proiektuaren berri

Herria berpizteko prozesuaren berri https://errekazar.wordpress.com/ webgunean ematen ari dira. Proiektuan sartuta dabilen kide batek Nafarroako Artxiboko agiriekin eta garai bateko argazki zaharrekin elikatzen du webgunea; besteak beste, etxeen eta bizilagunen istorioak biltzen ditu. Agiri zaharrenak 1500. urtekoak dira.