MINERVA, emeki egindako aldizkari ilustratua

minerva

Minerva aldizkaria “XIX. mendeko aldizkari ilustratuen berrinterpretazioa” da, garai hartako kazetaritzaren magia berreskuratu nahi duen proiektua, orduko teknologia erabiliz. La Taller grabatu tailer eta galerian sortu zen ekimena, eta Erredakzioa izeneko lokalean egiten dute EHUko Kazetaritza graduko irakasle Tania Arriagak eta Maite Martinez de Arenaza grabatu egileak. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

La Tallerreko sototik atera, eta ikusgaitasuna eman nahi izan diote Minerva aldizkariari, lokal berrian, Erredakzioan, erakusleihoaren aurrean arituz. Orain, teknologia zaharrekin, La Tallerren irudi garaikideak sortzen dira; eta Erredakzioan, testu garaikideak, erreportajeak. Minerva “kazetaritza esperimentua” dela diote sustatzaileek; Erredakzioa, berriz, “laborategia”. Minerva izeneko inprimagailua erabiltzen dute aldizkaria inprimatzeko, XIX. mendeko makina tipografiko sendoa: presio mekanikoaz baliatzen da papera tintaz “zikintzeko”, arrabolen eta berunezko eta egurrezko letren edo tipoen bitartez.
Lan baratza
Aldizkariaren zenbaki bakoitzak astiro egindako lana du atzean, eta luze jotzen du. Lehenengo eta behin, testua idatziko duen pertsona aukeratzen dute. Kazetaria izan behar du, irudiak egingo dituena ilustratzailea izango den bezala. Profesionalen lanbideari duintasuna aitortu nahi izan diote horrela, Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntza lana “oso ongi” ordaintzeko erabiliz. Gainera, denbora nahikoa ematen diete, gauzak txukun egiteko. Horrez gain, gaia aukeratzeko askatasun osoa izaten du kazetariak. Arriagak eta Martinez de Arenazak, aldiz, hobby dute aldizkaria inprimatzea. Ondorioz, kazetariak eta ilustratzaileak “pazientzia handia” eduki behar dute, emaitza ikusi arte sei-zortzi hilabete joan baitaitezke. Izan ere, biek egiten dituzte inprimatze lanak lanorduetatik kanpo, eta zenbaki bakoitzak “erronka erraldoia” dakarkie, aisialdiko “ordu asko eta asko” igarotzen dutelako lanean. Zailtasunak zailtasun, urtean bi zenbaki ateratzea da asmoa, baina “presiorik gabe. Aldizkaria ateratzeko behar dugun denbora komunikaziorako ere erabiltzen dugu: txioren bat bota, argazkia jarri Instagramen... lanean ari garela aditzera emateko eta prozesua erakusteko. Komunikazio kanpaina txiki bat, azken batean”.
Artelana
Kazetaritzak abiadura bizia hartu duen eta paperaren erabilera gutxitzen ari den garaian, Minerva emeki eta mimo handiz egindako produktua da, modu eta paper berezian argitaratzen dena. Bistan da ez dela aldizkari hutsa, eta asko duela artelanetik. Izan ere, Martinez de Arenazak dioenez, “denbora desagertu egiten da lan honetan, poliki egiteko lan gozagarria da, terapia modukoa”. Are gehiago, “presaka arituz gero, arriskutsua ere izan daiteke makina, presio ikaragarria egiten duelako. Pentsa, ‘krokodiloa’ esaten diogu... Eskua harrapatzen badizu, krokodilo baten ahoan sartzea bezala da”.
Internetez eta Erredakzioan bertan baino ez dute saltzen. Martinez de Arenazak jorratzen duen grabatu artistikoaren alorrean bezala, edizio mugatua kaleratzen dute; La Tallerretik Erredakziora ekarri duten ezaugarrietako bat da hori. Hala, tirada 250 alekoa da, eta guztiak doaz zenbatuak, eskuz josiak eta egileek banan-banan sinatuak. Minerva, hortaz, aldizkari hutsa baino zerbait gehiago da: “Jakin dugu erosle batzuek, aldizkaria irakurri ondoren, egongelako apalategian jarri dutela, artelantxo bat balitz bezala”. Horrek zalantzak eragin zizkien produktuaren prezioa erabakitzerakoan: “Aldizkari bat 25 euroan saltzea garestia da, baina Minerva ez da aldizkaria soilik. Grabatu bilduma baten truke 250 € ordaintzea, aldiz, nahiko merkea da. Beraz, erdiko bidea hartu eta 25 euroan saltzen dugu ale bakoitza, jendeak balio bereziko aldizkari baten gisan har dezan”.
Zergatik, nolatan?
Nola sortu zen, baina, proiektua? Martinez de Arenaza La Tallerren grabatuak egiten, erreportajea oso gustuko duen Arriaga Kazetaritza irakaslea EHUn... eta biak beti gogotsu gauzak probatzeko eta sortzeko. Arriaga Renoko (Nevada) Unibertsitatean egon zen hamarkada honen hasierako urteetan, “eta Maiterekin elkartzen nintzen Chicagon, New Yorken, San Frantziskon... Leku horietan ikusi genuen grabatu tailerretan era honetako teknologiak leheneratzen ari zirela, eta bioi gustatzen zaizkigu aldizkari ilustratuak...”. Gauza batek bestera eraman zituen, eta, behin honetan sartuta, harritu dituen beste kontu batekin egin dute topo: “Hemen, gutxi gorabehera 80ko hamarkadara arte, ia herri guztietan egon zen inprenta txiki bat. Bada, inprenta zutenek, erabiltzeari utzi ondoren, gorde egin zituzten makinak, oso ondo zainduta, garajeetan eta”. Hala, materiala lortu dute Ormaiztegin, Sondikan, Santanderren, Bilbon, Arrigorriagan... Orain, deitu ere egiten diete: “Ardura gure bizkar uzten dute, jasotzen ez badugu bota egingo dutela esaten digute. Aurreko batean, Ikaztegietara joan ginen, baina sekulako afera da guretzat. Alde batetik, interesatzen zaigu tresneria, zaila delako gaur egun hainbat gauza topatzea, baina, bestetik, agian lau pieza baino behar ez ditugunean, letrak gordetzeko hainbat tiradera oso hartu behar ditugu. Denak dira altxorrak, baina gero igual 400 € gastatu behar ditugu lokalean sartu ahal izateko. Minerva honekin sekulakoak egin behar izan genituen, eta lan arriskutsua izan zen, oso makina astuna delako. Norbait azpian harrapatuz gero... Oso eskertuta gaude eskaintzekin, makinak ikusten ditugunean hunkitu egiten gara, baina non eta nola sartu?”. Martinez de Arenazak eta Arriagak arazo horri irtenbidea aurkitu bitartean, hor daude, Erredakzioan, Minerva inprimagailuaren ondoan, tipoz betetako tiradera handiak. Papera inprimatzeko noiz erabiliko dituzten zain dauden tipoak gorde eta babesten.

Erredakzioa

Minerva aldizkariaren egoitza Bilboko Solokoetxe auzoan dago, Iciar Maisuaren kalean. Lokala hartu zutenean ez bazekiten ere, leku estrategikoan dago Erredakzioa: Ioannes de Yciar maisuak (Durango, 1522) kaligrafiak diseinatu zituen, eta, horien erabilera zabaltzeko, inprenta erabili zuen kaligrafia irakasteko tratatua argitaratzeko; alegia, “bere garaiko teknologia aurreratuenaz baliatu zen idazketa teknologia zaharragoa irakasteko. Bitxia da haren izena daraman kaleko Erredakzioan gaur egun inprenta zaharraz egitea produktu garaikideak”.

Hirugarren zenbakia laster kalean

Txani Rodriguezek idatzi du, eta Sara Morantek ilustratu, Málaga eta Cádiz arteko kortxo biltzaileei buruzko erreportajea. Kazetariak iazko uztailean entregatu zuen lana, eta zain-zain dago emaitza ikusteko. Erredakzioan, maiatzean kaleratzea espero dute. Rodriguezek kortxoa arbolatik erausteko lanari erreparatu zion erreportajea idazteko: eskuz egin beharreko lanaren historia, nola egiten den, emakumeen hastapenak lanbide gogor horretan...
Lehen zenbakian, Mirentxu Purroyk Retorno al poder blanco izeneko erreportajea idatzi zuen, Donald Trumpi buruzkoa, eta Higi Vandisek ilustratu zuen. Bigarren zenbakirako, berriz, Juan Luis Zabalak Idazlea futbolariari galdezka. Ramon Saizarbitoria eta Asier Illarramendi solasean lana entregatu zuen, zeina Josune Urrutiak ilustratu zuen.