“Euskal Herria bideoklipean agertzen dena da”

elkarrizketa

Mad Muasel eta La Furia

21. Korrikaren kanta abesten dute, Fermin Muguruzarekin batera. Mad Muasel (Bilbo, 1987) D ereduko ikaslea izan zen, inguru erabat erdaldunean. La Furia (Cascante, 1983),  Tuterako Argia ikastolako ernamuina izango zen taldetxoko ikaslea. AIZU!k berriro elkartu ditu, kanta aurkeztu eta lau hilabetera. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Korrika kantaz aparte, zer duzue berdina?
M.M.: Jarrera eta egia. Mad Muaselek aurrera jotzeko jarrera du, eta bere letrak egia osoa dira, esentzia. La Furiarengan emakume ahaldundua ikusten dut, eta nik ere egin dut hori, hasi nintzenean ez zegoelako emakumerik honetan. Ahalduntzea, ahizpatasuna... hitz horiek ez nituen ezagutzen orduan, baina kontzeptuaren jabe nintzen. Ez nekien hitzez adierazten, baina bai jarrerarekin eta funtzionatzeko erarekin. La Furiak dena dauka oso argi, bai jardunean bai hitzetan, oso ondo azaltzen du zer den hori, eta pila bat gustatzen zait.
L.F.: Egundoko zirrara eragiten dit nahi dutena lortzeko borrokatzen diren emakumeak aurkitzeak, norbere espazioaren jabe egiten direnak. Agertokira ateratzen den emakume batek beti izango du nire begirunea, eta beste emakume batzuen lana estimatzen duen andreak zabalik ditu ateak lagunak izan gaitezen. Gure kasuan, berehala "maitemindu" ginen bata bestearekin bideokliparen grabazio egunean. Biok ditugu ikuspuntu eta sentimendu komunak, baina sustrai ezberdinak. Ni jardunaldi eta manifa feministetatik nator...
M.M.: Eta ni amarengandik. Etxean bizi izan dudan guztia, aitarekin eta amarekin, barruan dut, eta ez dut ezertxo ere barkatzen.
L.F.: Egia horiek elkartzen gaituzte. Orain, feminismoa apur bat mainstream da, leku gehiagotara iritsi da. Zoragarria da, baina badago sistema kapitalistak edukiz husteko eta irudi hutsa saltzeko arriskua. Askotan ikusten dut, eta kontu handiz diot, emakume batzuei fokuek argitutako tokiak okupatzea interesatzen zaiela. Hor ez dago egiarik, eta hil edo biziko borroka bat usurpatzen dute.
Lehen aldiz abestu duzue euskaraz. Animatuko zarete etorkizunean?
M.M.: Baietz uste dut. Oraindik ez naiz hasi, lehenengo Musikeneko ikasketak bukatu behar ditudalako, baina pare bat kanta, gutxienez, egin nahi ditut euskaraz. Disko oso bat... ez dakit. Horretan hasteko asmoa dut, dagoeneko badakit nolako doinua duen nire ahotsak dancehall musikan euskaraz, eta gustatu zait. Lagunei ere bai, esan didate ez dela aldatzen, euskaraz ere Mad Muasel izaten jarraitzen duela; beraz, zergatik ez?
L.F.: Nik aurreko helburutzat dut euskaraz bizitzea. Abestea... ez dakit. Gabonetan Cascantera joan nintzenean, hango jendea, euskara ikasi duena eta seme-alabek euskaraz ikas dezaten borrokatu dena, hunkituta etorri zitzaidan Korrika kantan parte hartu izana eskertzera, Erriberako bat hor egon delako. Horregatik bakarrik merezi izan du, baita amaren malkoengatik ere, kontatu nionean. Batetik, harro sentitzen naiz, inork ezin dit esan hau ez dela nire lekua, izan badelako; baina, bestetik, ardura handia izango litzateke, oso ondo egin beharko nukeelako, ezin dut nolanahi aritu eta maila kaskarra erakutsi.
M.M.: Korrika kantan parte hartu ondoren, konturatu naiz gehiago hitz egiten dudala euskaraz. Zornotzan, adibidez, hiru abesbatzatan nago, pianoaz laguntzen, eta haiek ere nabaritu dute. Orain, aukerak aprobetxatzen ditut. Hitz egiten ez badut, ahaztu egingo zait! Euskaraz bizi bazara, errazagoa da zure emozioak euskaraz adieraztea...
L.F.: Niretzat, idaztea terapeutikoa da, idatzi dudana irakurtzean ulertzen dut zer gertatzen zaidan, eta hori euskaraz egitea pentsaezina da. Beste gauza bat da gai bati buruz idazten jartzea. Dena dela, denborak esango du.
Rap eta dancehall estiloak matxistatzat hartzen dira. Aurreiritzia da?
L.F.: Mundu patriarkal eta matxistan bizi gara, eta hori giza talde eta kultur adierazpen guztietan islatzen da. Musika estilo hauetan jartzen den fokuak gainerako estiloak baino matxistagoak balira bezala seinalatzen ditu, baina denon joera arrazista eta klasista dago ikuspuntu horretan. Guns N’ Roses-en kanta batek dio neska laguna hil eta lorategian lurperatu duela, eta talde hori ez da oso matxistatzat jotzen, nahiz eta indarkeria matxista nabarmena izan abesti horretan. Rapean badago matxismoa, baina ez beste musika mota batzuetan baino gehiago. Rapak oso hizkuntza grafikoa du, zentsurarik gabea, takarragoa batzuetan, baina poesia ere badago.
M.M.: Dancehallean ere ez dago zentsurarik, baina nik neuk zentsuratzen dut batzuetan neure burua. Ez luke horrela izan behar, baina amak egiten dudan guztia entzuten du, familia hor dago...  Areago, andereñoa naiz eta, musika egiten dudala kontatu ez arren, nire txikitxoek entzuten dute egiten dudana. Guztia jakiten dute, eta nire kantuen hitzak abesten dituzte, baina ez ditut ikusi nahi hitz horiek abesten.
L.F.: Nik ez dut neure burua zentsuratzen, umeekin lan egin arren, gizarte hezitzailea bainaiz. Saiatzen naiz neu izaten eta umeei egokitutako argudioak bilatzen.
M.M.: Beste aukera bat da ohartaraztea nire musika ez dela umeentzat, baina ez dago iragazkirik, eta jendeak dagoena entzuten du. Hasieran, astakeriak esaten nituen, baina umeekin lanean hasi nintzenetik... Eta familiak ere sufritzen du batzuetan YouTuben jartzen dizkidaten iruzkinekin.
Korrika kantak kritikak ere jaso zituen aurkeztu zenean. Oso itxiak gara euskaldunak?
L.F.: Tradizioa da Korrika kanta komentatzea, nik horrekin lotzen dut. Kontu pertsonalak ere badaude. Fermin Muguruza jendeari edo asko gustatzen zaio, edo gorroto du. Gustatzen bazaizu, egiten duen guztia zoragarria iruditzen zaizu. Gustatzen ez bazaizu, aldiz, dena da kaka hutsa. Jendea, oro har, ez da itxia, baina barruan gorrotoa duenak zarata handiagoa ateratzen du. Niri jende askok esan dit gustatu zaiola.
M.M.: Kritikatzen dutenen artean, zenbatek entzun dute kanta? Jende asko sartzen da Interneten iruzkinak idaztera bakarrik. Askok esaten zuten kanta ezin dela ume txikiekin erabili, baina lagun eta lankide andereño askok bidali dizkidate umeekin egindako bideoak... Nik, musika irakasle izateko ikasketak eginda ditudala eta musika pedagogia ikasten ari naizela, ezin nuen ulertu. Ezin dela txikiekin dantzatu?! Zergatik?!
L.F.: Umeei bideoklipa jarri, eta berehala hasten dira zilipurdika dantzariak imitatzen. Bideoklipa proposamen feminista da, bi neskok ez ditugu koruak egiten; isilik eta kikilduta geratuko ez garen bi emakume gara, gauzak pentsatu bezala esaten ditugunak. Ikuspuntuak zabaltzeko proposamena ere bada, jatorria eta sustraiak galdu gabe. Elkarbizitza posible dela dio, Euskal Herria hor ikusten dena dela, ez zapia buruan daramatenak bakarrik, baita lekukoa daraman neskato beltza ere. Oso inportantea da nahasketa erakustea.
M.M.: Aurreiritziak dira, batzuek pentsatzen dute ez dugula ireki behar, betiko gurean geratu behar dugula. Nazi samarra da, ez dakite eboluzioa dela guztion gustuak eta iritziak elkartzea, nondik gatozen ahaztu gabe. Horrek aberastu egiten du gure kultura, Euskal Herria hori da, ez gaude mendian suarekin galduta.
La Furiak Pecadora Vol.I (Bekataria) diskoa argitaratu berri du. Zer dakar?
L.F.: Mezua da amore eman dudala, baimena eman diot neure buruari gauzak gaizki egiteko, erortzeko, ni neu izateko, neure beldur, tristura eta poztasun guztiekin. Eta hori egin nahi dut neure ingurua mimatuz, doinuak mimatuz. Orain arte, hitzak zaindu izan ditut gehien, hori baita nik egiten dakidana, baina disko honetan musika ere asko zaindu dut, gustuko jendearekin batuta. Disko honetan, beste emakume batzuekin elkartzeko beharra sentitu dut, nire bekatuak partekatzeko, bekatarion komunitate bat sortzeko, denok garelako bekatariak gizarte matxista honetan. Hau lehenengo zatia izan da, geroago kaleratuko dut Pecadora Vol.II.
Mad Muasel, zertan da Oneshots proiektua?
M.M.: Amaituta, 10 kantu izan dira, baina banaka joan dira. 2013an, musika uztea erabaki nuen, ez nuelako ezaguna izan nahi. Kantak idazten jarraitu nuen, baina neuretzat, ez kaleratzeko. Halere, 2015ean Musikenen hasi nintzenean, konturatu nintzen Mad Muaselekin jarraitu nahi nuela, han egun osoan nengoelako klasikoen artean. Deustuko jaietako kontzertu baterako deitu zidatenean konturatu nintzen, andereñoa izateaz gain, kontzertuak ere eskaini nahi nituela, eta orduan pentsatu nuen kanta haiek banan-banan argitaratzea. Orain, disko bat atera nahi dut, elkarren arteko lotura izango duten kanta berriz osatua. Horrez gain. neure burua ekoitzi nahi dut, inork baino hobeto dakidalako zer eta nola entzun nahi dudan. Ikasi egin beharko dut egiten, baina badakit lortuko dudana.

Kolkotik  

Non egingo duzue korrika, eta zenbat kilometro?
L.F.: Espero dut Cascanten egitea, eta kilometroak... behar beste!
M.M.: Egun horietan ikasketa amaierako lana entregatzear egongo naiz, zuloan sartuta, lanean buru-belarri...
L.F.: Aizu! Kanta egin duzu, ezin zaizu dena eskatu!
Zer dauka Nereak La Furiak ez daukana? Eta alderantziz?
L.F.: Gauza bera dira, baina Nerea da La Furiaren alde intimoa.
Zer dauka Mad Muaselek Lorek ez daukana? Eta alderantziz?
M.M.: Mad Muasel txuloagoa da, eta Lore lotsatiagoa. Hala ere, biak dira bat, nahasi egiten dira.
Mikrofonoa, ahalduntzeko tresna da?
L.F.: Bai, emakumeon ahotsa beti izan da isildua, eta nire ahotsa dagokion lekuan jartzen du.
M.M.: Bai, eskuetan dudanean denak daude niri begira, adi. Ez da ohikoa besteari entzutea, denek hitz egin nahi dute. Beraz, nire unea da, eta aprobetxatu egin behar dut.
Zerk ematen dizue amorrua?
M.M.: Gauza askok, baina gezurrak, astirik ez edukitzeak...
L.F.: Gezurrak, jendea erabiltzeak, injustiziak...
Eta lotsa?
M.M.: Egunaren arabera, guztiak edo ezerk ere ez.
L.F.: Euskaraz hitz egiteak...
Zerk eragiten dizue barre?
M.M.: Ilustres ignorantes saioak, Youtuben ikusten dut.
L.F.: Gauza askok, denbora guztian, gauzak dauden moduan egon arren.
Zer da musika zuentzat?
M.M.: Nire bizitza.
L.F.: Bizia salbatu didana, feminismoarekin batera.
Arrazoi bana euskara ikasteko?
L.F.: Euskarazko esamolde batzuk poesia dira. Eta sustraietara lotzen nau, euskarak kidetasun sentsazioa ematen dit. Justizia poetikoa ere bada: arbasoei debekatu egin zietenez, aldarrikapena ere bada.
M.M.: Hala da, bai. Nire gurasoek ezin izan zuten ikasi, baina nik ikastea nahi izan zuten. Eta entzuten dudanean, ez dakit zergatik, baina euskarak lasaitu egiten nau, oso goxoa da. Gainera, hizkuntza guztietatik ikasten da zerbait.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenuketen berria?
L.F.: Patriarkatua hil egin da.
M.M.: Lehendabizikoz, gizakiak lagun hurkoa bere burua beste maite du.
Zer ezin da falta zuen etxeko hozkailuan?
L.F.: Marrubiak eta oliba beltzak.
M.M.: Beti izaten da limoiren bat, baina ezin da falta olo edaria.
Zer egiten duzue erlaxatu beharra daukazuenean?
L.F.: Kandelak piztu eta arnasa hartu.
M.M.: Nik ere bai, meditazioa.
Zer izan nahi zenuten txikitan?
M.M.: Andereñoa, baina orduan ez nekien andereñoa izan nahi nuenik.
L.F.: Sorgina, kar-kar!
Eta orain zer ez duzue izan nahi?
M.M.: Ez dut egon nahi sormena erabiltzen uzten ez didan lan batean, robot bihurtuko nauen batean.
L.F.: Egiten dudana egiten dudala, ez nuke esplotatua izan nahi.