Eider Rodriguez, emakume idazleen literaturaz

eider

Eider Rodriguezek idatzi du Lisipe bildumaren (Susa) 6. zenbakia: Idazleen gorputzak. Egiletasuna ezbaian literaturaren joko zelaian saiakera. Literaturaren inguruko hausnarketa eta kritika ez ezik, emakumeek literaturan duten tokiaren inguruko datuak eta emakume idazleen ahotsak ere biltzen dira liburu honetan. Arantxa Urretabizkaia Bejaranori, Laura Mintegi Lakarrari, Miren Agur Meabe Plazari, Karmele Jaio Eigureni eta Uxue Alberdi Estibaritzi galdetu die testuinguruaz, sorkuntzaz, sorkuntzaren sozializazioaz eta gorputzaz, eta elementu hauen arteko konbinazioaz. Nor elkarrizketatu erabakitzeko, berriz, hiru irizpide izan ditu kontuan: garai ezberdinetan sortuak izateaz gain, haien lehenengo liburua garai ezberdinetan plazaratu izana; denboran banaturiko hiru liburutik gora argitaratu izana; eta ama izatea. Gainera, faktore erabakigarria izan da Rodriguezentzat idazleak aurretik pertsonalki ezagutzea.


arretxeEZ ERRAN DEUS (Erein) izena du Jon Arretxeren azken nobelak. Oraingoan, desagertu egin da idazle bizkaitarraren aurreko eleberrietako protagonista, Touré pertsonaia: Bilboko San Frantzisko auzoko kameren arduradunak irudiak hamaika bider errepasatu arren, ez dago haren arrastorik. Izan ere, protagonistak bake bila alde egin du, arazoetatik ihesi; hala, artzaintza giroan aurkituko dugu oraingoan, Orbe izeneko Pirinioetako herri txiki imajinarioan. Giro aldaketak, baina, ez dio lagunduko migratzailea izanik aurrez aurre topatuko dituen zailtasunak konpontzen, eta ezin izango dio patuari ihes egin. Umorez zipriztindutako nobela hau erronka handia izan da Arretxerentzat, orain arte beti kokatu dituelako bere nobela beltzak hiri giroan.

 

 

 

 

 

 

 

 

euri1362 KM EURI
Garazi Goia eta Goizalde Landabaso
Elkar, 2019

Teknologia, presa eta gramatika akatsez betetako mezuak gailentzen diren garaiotan, benetako eskutitzak idatzi dizkiote elkarri bi idazleek. Eguneroko kontuez, baina, batez ere, miresten dituzten emakumeez. Emakume ahaztuak, itzaletara kondenatuak: argazkilariak, margolariak, idazleak, kazetariak, abenturazaleak, pandero jotzaileak… Gogoratu egin nahi dituzte, aldarrikatu, eta historiak ukatu dien lekua eman gutunetako lerro artean.

laranjaLARANJA MEKANIKOA
Anthony Burgess
Itzultzailea: Ion Olano Carlos
Meettok, 2018

Alex arratsero biltzen da Pete, Georgie eta Tentel lagunekin, zerbait hartu, gogoa zorroztu eta harrapatzen duten ororekin ultraindarkeriaz jokatzeko. Atsegin dute arauak haustea, jolasteko, besterik gabe, eta nerabe hizkera berezian mintzo dira. Alex, gainera, musika klasikoaren zale amorratua da, bereziki Ludwig Van Beethovenena. Amets goxoa, ordea, amesgaizto bilakatuko zaio une batetik bestera...