Bilatzaileen bila

Honezkero makina bat bider entzun edo irakurriko zenuten, baina komeni da tartean behin gogoraraztea. Pentsa daitekeenaren kontra, Google ez da bilatzaile edo Interneteko zerbitzu enpresa bat; publizitatea du negozio nagusia. Teorian doakoak diren produktu eta zerbitzuak jartzen dizkigu eskura, horiek erabiltzean, batzuetan nahita eta beste batzuetan konturatu gabe, gure gustu, joera eta jardueren berri eman diezaiogun. Gero, informazio hori beste enpresa batzuei saltzen die, haien produktuen iragarkiak soilik irits daitezen benetan erosle izan daitezkeen erabiltzaileengana.
Googlen bilaketa bat egiten dugun bakoitzean, guri buruzko informazio pilo bat gordetzen du: zer bilatu dugun ez ezik, non geunden bilaketa egitean, zer ordutan egin dugun, zer gailu mota erabiliz, emaitzen artean zeinetan egin dugun klik, bilaketa egin aurretik eta ostean zer beste webgune bisitatu dugun... Horrela, pixkanaka-pixkanaka, gutako bakoitzaren profila egiten du Googlek, beldurgarriro zehatza.
Zer egin daiteke hori saihesteko? Bada, Googlerenak ez diren beste zerbitzu batzuk erabili. Ahal dela, libreak eta/edo erabiltzaileon pribatutasunari eusteko konpromisoa dutenak. Frantziako Gobernuak, adibidez, herrialdeko enpresa batek sortutako Qwant erabiltzailea ezarri du, urte hasieran, herri administrazioko ordenagailu guztietan. Bilatzailea Europako pribatutasun legeriari jarraiki garatu dute, eta ez du erabiltzaileen informazio pertsonalik gordetzen (hori dio, behintzat).
Baina ez pentsa aukera bakarra denik. DuckDuckGo bilatzailea, adibidez, kode irekikoa da erabat, eta horrek bai bermatzen ditu erabiltzaileon pribatutasuna eta iragarle begiluzeengandik babestuta egotea. Euskarazko bilaketetan espezializatutako aukera bat nahi baduzu, Elebila probatu behar duzu: beste edozein bilatzailek baino askoz ere hobeto bilatuko du euskarazko testuen artean.
Berez, ez da erraza Googleren atzaparretatik ihes egitea, baina, aizue, ez esan aukerarik ezagatik dela, e?

Loturak, estekak, linkak

https://qwant.com
Frantziako Gobernuak herri administrazioan lehenetsitako bilatzaile europarra. Ez du erabiltzaileen daturik ustiatzen, eta euskaraz konfigura daiteke (osorik ez bada ere).

https://duckduckgo.com/
Bilatzaile libre eta pribatua. Hori bai: nik, behintzat, ez dut lortu euskaraz jartzea.

http://elebila.elhuyar.eus/
Elhuyarrek garatutako euskarazko bilatzailea. Besteak baino zaharragoa, baina askoz ere eraginkorragoa euskarazko edukiak bilatzeko...