‘Egunean Behin’, sakelakoan euskaraz jokatzeko

app

Euskaldunoi euskaraz jokatzeko beste aukera bat eskaintzeko asmoz, Egunean Behin jokoa sortu du, sakelakoetarako, CodeSyntax enpresak. Tribial motakoa da, hau da, galdera-erantzun jokoa, eta bakarka zein taldeka joka daiteke. Dinamika zehatza du: erabiltzaileak 10 galderako galdetegia erantzun behar du egunean behin, ahalik eta azkarren. Astean zazpi partida jokatu, eta puntuaziorik onena duenak oparia eskuratuko du igande gauero. Finean, asteko zazpi egunetan, egunean behin partida bat jokatu behar da, eta astelehenero partida berria hasiko da. Galderei dagokienez, denetariko gaiei buruzkoak dira, betiere euskaraz eta euskal erreferentziak oinarri: kultura, matematika, kirola, geografia, literatura... Guztira, 50.000 galdera baino gehiago ditu jokoak, hainbat iturritatik automatikoki sortuta: euskarazko Wikipedia, Literaturaren Zubitegia... Gainera, gehiago sortzeko asmoa azaldu dute CodeSyntaxeko kideek. Android eta iPhonetarako garatua, Google Playn eta App Storen deskarga daiteke.


egunkariaEUSKALDUNON EGUNKARIA kazetaren hemeroteka digitala sarean ikusgai eta erabilgarri ipini du Berriak. Guztira, 200.000 orrialde digitalizatu dituzte, 3.789 zenbaki. Hau da, 1990eko abenduaren 6an lehen zenbakia kaleratu zutenetik 2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak aginduta itxi zutenera arte argitaraturiko zenbaki guztiak. Berriaren webgunean (www.berria.eus) paratu dute hemeroteka, eta, artikuluak bilatzeko, egunaren edota hitzen araberako bilaketa egiteko aukera eskaintzen du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunearekin eta Gureak enpresarekin elkarlanean osatu dute.

LABURREAN

BIZKAIKO FORU LIBURUTEGIAK bederatzi milioi dokumentu historiko baino gehiago jarri ditu sarean erabiltzaileen eskura, Lau Haizeetara plataformaren bidez, agiriok ordenagailu eta gailu eramangarrietan kontsultatzeko edota deskargatzeko. Bizkaiko Foru Liburutegiaren funtsetan gordetako agiriak dira: XVI., XVII. eta XVIII. mendeko obra inprimatuak, inkunableak, kartografia lanak, grabatuak... Tartean, balio historiko handiko lanak daude. Oraingoz, 9.613.677 dokumentu daude eskuragai, doan eta libre. Aurrerantzean ere dokumentu gehiago jasotzeko asmoa du Bizkaiko Foru Aldundiak, egitasmoa garatu duen erakundeak. Helbide hauetatik hel daiteke plataformara: http://liburutegibiltegi.bizkaia.eus/ edota http://www.bizkaia.eus/bibliotecaforal/.


ganbaraGANBARA.EUS, euskarazko zinemaren gordailua, berritu egin dute. Zinema.eus atariak 2016an sortua, euskal ikus-entzunezko industriaren datu basea da Ganbara, eta euskaraz sortzen diren lanei buruzko orotariko datuak biltzen ditu. Berrikuntzei dagokienez, diseinua eguneratu diote, datu baseari dinamismoa emateko asmoz. Hala, besteak beste, astero hainbat eduki nabarmenduko dituzte. Horrez gain, euskal zinemari lotutako albisteak gehitu dizkiote azalari, bai Zinea.eus atarikoak bai beste hedabide batzuetakoak. Gainera, euskal ikus-entzunezko industriarekin zerikusia duten bitxikeriei ere leku egin diete. Bestetik, bilatzaile aurreratua gehitu diote, eta sektoreko profesionalek beren lanak helarazteko tresna ere eguneratu dute.