Poesiari gorazarre

olasagarreJuanjo Olasagarre

“Poesia irakurtzen duen frikirik badago gela honetan?” galdetu nien nire C1eko ikasleei aurreko egunean. Mozoloen moduko begiekin so egin zidaten; eta gero, herabe, ezezkoa eman zidaten aditzera buruari eraginez.
Banekien horixe izanen zela erantzuna, baina, hala ere, ezin galdetu gabe utzi. Errealitateak zuzen nabilela baieztatzea gehiegi gustatzen zaienetakoa naiz; akats bat, badakit.
Mundua anitza dela esatea topikoa indartzea da, eta, ondorioz, ez du ezertarako balio, horrelako azalpen zakuak ez baitu munduari buruz ezer adierazten. Baina oraingoan, zer esanen dizuet, beste azalpenik ez dago: harri eginik begiratzen diot leitu barik bizi den jendeari, hurbilekoak asko; bereziki, poesia irakurri barik bizi direnei.
Zertan ematen dituzte orduak? Nola ailegatzen dira poesiak munduari buruz eskaintzen dituen aurkikuntzetara? Poema bat irakurtzeko hartutako betak erantsita dakarren lasaitasuna, non aurkitzen dute?
Poemek, plazera irakasteaz gain, bizitzarako lezio asko gordetzen dituzte. Nik, esan bezala, lasaitasuna ikasi dut, baina baita denboraren narotasuna, edertasunaren gorazarrea eta alaitasuna ere.
Poema on baten ondoren, beste modu batez ikusten duzu errealitatea, ordura arte ezezagun zenuen angelu batetik.
Esaten zuen Jaime Gil de Biedma poetak poesia idazteko hitzekiko sentsualitatea behar dela; nire ustez, irakurtzeko ere bai. Prest egon behar duzu doinuek gorputzean eragiten duten dardarizo horri, denik ere txikiena, ongi etorria egiteko. Ez da beste munduko gauza bat, ez da izugarrizko aurkikuntza, horixe baino ez da: sentsualitatea hitzen bidez; eta gero, olatua erretiratutakoan, esanahia.
Kavafisen Hiria, Sarrionandiaren Preso egon denaren gogoa, Aranbarriren Berrogei minututan esateko beldurra, Audenen Ikaro, Tralken Isildutakoei, Celanen Heriofuga, Atxagaren Fas fatum...
Edo Martinus Von Biberachen honako hau: Ez dakit nondik natorren/ez dakit nor naizen/ez dakit noiz hilko naizen/ez dakit nora noan/bizi dudan aldarte alai honek harritzen nau.