Santutxuko AEKn, Gernikaren suntsipena mintzagai

Santutxuko AEKn (Bilbo) maiatzaren 21ean ekin zioten Gernikaren suntsipenaren inguruko hamabostaldiari, 36/37ko gerran nazien bidegabekeria, iragana eta oraina izeneko erakusketarekin. Hamazazpi panelez osatua, ekainaren 5era bitartean egongo  da ikusgai Condor Legioak Gernikan eragindako suntsipenaren berri emateko eta hainbat hutsune historiko betetzeko, gutxik baitakite, adibidez, Rifeko gudan Alemaniak Espainiari laguntza eman zionik.
Bestalde, gaiaren inguruko bi hitzaldi ere antolatu dituzte, erakusketaren arduradun eta Mahatserriko berbalagun Andrea Heuschm eta Claus Balezta alemaniarrekin batera. Lehenengoa maiatzaren 28an eskaini zuten; bigarrena, ordea, ekainaren 5ean izango da, arratsaldeko 19:00etan, euskaltegian bertan. Santutxuko AEKideek biziki eskertu diete Heuschm eta Baleztari  ekimen hau martxan jartzeko egin duten ahalegina.