Sakelakoak

emotikonoBeste 230 emotikono erabilgai izango dira martxoan

Orain arteko aukera gutxi ez, eta emotikono estandarren eskaintza are zabalagoa izango da sakelakoetan, martxoaren 5etik  aurrera. Zehazki, 230 emotikono gehiago izango dira eskura segapotoen teklatuetan. Unicode konpainiak urtero eguneratzen du hain erabiliak diren ikonoen zerrenda, eta aurtengoak jada bidean ditu. 59 diseinu erabat berriak izango dira. Gainerako 171ak, berriz, aldez aurretik erabilgarri ziren hainbaten aldaerak; hots, emotikonoen azalaren koloreari, generoari eta beste zenbait ezaugarriri dagozkienak. Diseinu berrien artean, desgaitasunak irudikatzen dituztenak daude: pertsona bat gurpil aulkian, gorra, audiofonoa daraman belarria, itsu txakurra, beso mekanikoak... Animaliak ere badira: mofeta, igaraba, orangutana, flamenkoa... Horiekin batera, bestelako ikurrak: urtzen ari den izotz koskorra, gofrea, eraztunak dituen planeta, matea hartzeko ontzia... Arraza eta genero aniztasunari erreparatzen diotenak ere izango dira. Emotikono berriak teknologian aritzen diren enpresen eskura jarri ditu Unicodek, beraz, aurki erabili ahal izango dira gainerako ikono ezagunekin batera.