Frantzia

starwarsLaser ezpaten borroka kirol ofizialtzat hartu dute

Star Wars sagak mundu osora zabaldu du hain berezkoa duen iruditeria. Gauza nabarmenen artean, laser ezpatak daude, filmetan jediek eta gaiztaginek borrokarako erabiltzen dituzten ezpata argitsuak. Haatik, jostailu arrakastatsuak ez ezik, borrokarako tresna ere badira: kirola izango balitz bezala, laser ezpatekin borrokan aritzen da mundu osoan makina bat lagun. Bada, orain, kirol ofizial izendatu du Frantziako Eskrima Federazioak. Hala, lehia ofizialetan, ohiko modalitateei (floretea, ezpata eta sablea) laser ezpata gehitu die. Ondorioz, goitik behera arautu du laser ezpaten borroka: ezpaten luzera eta lodiera, borroken iraupena, puntuazioa, jokalekua... Frantziako Eskrima Federazioak jakinarazi duenez, gazteak kirola egitera bultzatzeko asmoz hartu dute erabakia. Hots, federazioko kide Serge Aubaillyk azaldu duenez, “gazteek ez dute egiten erpuruekin jokatzen ez den kirolik”. Alegia, bideo-jokoak uztera eta kirola egitera bultzatu nahi dituzte. Eskrima oso kirol hedatua da Frantzian, jarraitzaile ugarikoa. Ikusi beharko da modalitate berriak zale gehiago erakartzen dituen. Borrokak ikusgarriak izango dira, ziur: laser ezpaten argi eta soinuez gainera, borrokalariek jantzi ikusgarriak janzten dituztelako, sagako pertsonaien antzera.