Heziketa

Urtxintxa eskolak umeen jolas abesti tradizionalak balio hezitzaileekin gaurkotu ditu

Aita, ama; Zubiri, zubiri; Sorgina Pirulina... umeek jolaserako erabili ohi dituzten hainbat kantu tradizional eguneratu egin ditu Bizkaiko Urtxintxa eskolak, balio hezitzaileekin hornituta. Patxintxiketan denontzako kantak egitasmoaren barnean egokitu ditu kantuok aisialdiko trebakuntzan eta suspertze soziokulturalean aritzen den elkarteak. Tradizionalak dira abestiok, oso ezagunak eta erabiliak, baina askok ez dituzte egungo testuingurua eta balioak aintzat hartzen. Aita, ama-n, esaterako, ezkontzari eta familia eredu tradizionalari egiten zaio erreferentzia; edota, Sorgina Pirulina-k (egokitu ostean, Sorgina Kaskarina) “iruditegi desitxuratua” agertzen du. Horien guztien hitzak moldatu dituzte, eta hainbat talderen laguntzarekin bideoklip bana egin kanta bakoitzeko. Gainera, bideoklip bakoitzak azalpen bideo bat du, non aldaketak azaltzen dituzten, hitzez zein zeinuen hizkuntzan. Bideoklipak eta bideoak Urtxintxa eskolaren YouTubeko kanalean daude ikusgai. Patxintxiketan egitasmoa ez da abestiokin amaituko. Hala, aurrerantzean ere abesti gehiago egokituko ditu Urtxintxa eskolak. Hain juxtu, apirilaren 5ean aurkeztuko dute proiektua, Igorreko kultur etxean.