Kultura

loraldiaLoraldia Festibalak sentikariz blaituko du Bilbo

Martxoaren 12tik apirilaren 7ra, euskarazko kulturaren plaza izango da Bilbo, Loraldia Festibalaren bosgarren edizioari esker. Sentikariz blai! lelopean, 30 kultur hitzordu izango dira hiriko 12 gunetan, orotariko diziplinatakoak: antzerkia, dantza, musika, zinema, literatura... Tartean, jaialdiak berak ekoitzitako lau ekoizpen estreinatuko dituzte, eta beste zenbait lan ere estreinakoz eskainiko dira. Guztira, ia 200 artistak hartuko dute parte ekitaldietan. Aurtengoan, euskal kulturako bi erreferente nagusi izango ditu gogoan Loraldiak: Joseba Sarrionandia eta Joxan Artze. Hainbat helburu ditu dagoeneko “sendotuta eta errotuta” dagoen Loraldiak: euskal sortzaileak eta sorkuntza nabarmentzea; publiko gehiagorengana heltzea; eta memorian sakontzea, iturri zaharretatik edanez proposamen berritzaileak plazaratzeko. Lan horretan, hainbat erakunde, elkarte eta eragilerekin elkarlanean ariko da Loraldia. Esaterako, martxoaren 25ean Arriaga Antzokian estreinatuko duten Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz ikuskizuna Korrika Kulturalaren baitan ere ikusi ahal izango da Euskal Herriko gainerako hiriburuetan. Jaialdiari buruzko informazio guztia loraldia.eus atarian dago eskuragai.