Mahai jokoetan euskaraz aritzeko saioa Donostian

jokoaldiaMartxoaren 9an, Mahai jokoaldia egingo dute Donostiako Gros auzoko Irrintzi AEK euskaltegian, mahai jokoetan euskaraz jokatzeko eta haien mundua ezagutzeko. Egun osoz, 10:00etatik eguerdira eta 16:30etik iluntze aldera, euskaltegiko geletan hainbat mahai joko izango dituzte erabilgai: haurrentzat, familia osoarentzat, eurogame motakoak, zail samarrak... Adin guztietarako saioa izango da (6 urtetik gorako haurrek gurasoen laguntzaz parte hartu beharko dute), doakoa, eta edozein unetan sartu ahal izango da, dela partida berri bat hasteko, dela martxan daudenak ikusteko. Antolatzaileek joko sorta prestatuko dute, baina norberak ere nahi duena eraman ahal izango du, eta, antolatzaileei baimena eskatuta, partida antolatu ahal izango du. Jakina, euskaraz egin beharko dute jokalariek; bai, behintzat, komunikatzeko. Mahai jokoetan euskaraz jarduteko ohitura eskasa izanik, aukera egokia izan daiteke Mahai jokoaldia. Gainera, mundu mailako primizia ere izango da: Durangoko Azokako sormen beka irabazi duen Atopiarpg rol jokoaren demoa jokatuko dute estreinakoz (aldez aurretik izena eman beharko da).