Telebista? Zer telebista?

Interneten hedapenak oso zail jarri die etorkizuna egunkari eta aldizkariei. Gero eta ohituago gaude dena pantaila bidez jasotzen, dosi txiki eta azkarretan, ahal dela, eta horrek kalte latzak ekarri dizkio paperezko albistegien munduari. Baina telebistari ere ez dio mesederik egin: konturatu gabe, pantailan nahi duguna nahi dugun unean ikustera ohitzen ari gara.
Telebista eredu tradizionalean, programatzaile batek erabakitzen zuen ikusleek zer eta noiz ikusi, eta, horren arabera, egitarau bat osatzen zuen. Sareak, batez ere etxeetako Interneterako konexioen abiadura azkartu denetik, bideoa nahi erara ikusteko aukera erraztu du, eta askok heldu diote (diogu) aukera horri, nork bere parrilla propioa osatuz: halako telesailaren 20 minutuko kapituluak etxetik lanerako bidean tabletan ikusteko, beste ez dakit zein pelikula bazkalorduan ikusteko telebistaren pantaila handian, edo umeei autoan jartzeko…
Ia ez gara konturatu, baina nork bere aukera egiteko erraztasun horrek aldaketa handiak ekarri dizkigu ingurura eta orain arte ondo itxitako eremuak zirenak elkarrekin nahasten ari dira: telebista tradizional gehienek eskaintzen dute haien edukia Interneten, eta telebista gailuek eurek Interneterako konexioa dakarte gero eta sarriago, Youtube bezalako guneak egongelako beste kanal bat bihurtuta. Are gehiago: teknologia enpresen artean lehia bizia piztu da, bideo edukien salmentan gailendu nahian. Applek, Googlek, Amazonek berak ere, denek daukate haien bideo-denda, filmak eta telesailak ere nahi dugun une eta lekuan ikusteko aukerarekin (kreditu-txartelari astinalditxo bat eman ondoren, jakina).
Duela gutxi, beste urrats bat ikusi dugu nahaste horretan: beti telebista bati lotuta bizi izan diren bideo-kontsolen saltzaileak ere bideo eduki propioak sortzen hasi dira, bezeroak fidel bilakatzeko, baina baita produktu gehigarri gisa saltzeko ere. Micro-
softek, adibidez, laster abiatuko du Xbox Originals, bere kontsolarako propio sortutako telesail, pelikula eta saio aukeraketa. Bideojokoak bezalaxe, norberak nahi duenean deskargatu eta ikusteko. Garai latzak, bai, telebista programatzaileentzat.

Loturak, estekak, linkak...

http://ttiki.com/64700
Amazon izan da telebista kanalak ordezkatzeko lehian sartu den azkena. FireTV gailua (eta bideo-denda) da borroka horretarako sortu duen ‘arma’.

http://google.com/chromecast
Googleren apustua Chromecast da. Gailu txiki horren bidez, telebistaren pantailan ikus daitezke sakelakoan erositako bideoak.

http://www.makusi.tv/eu/
Esparru komertzialetik kanpo ere oso aukera interesgarriak irekitzen ari dira. Hona bideo-lan independenteak banatzeko plataforma handi bat sortzeko proposamen interesgarria.

Joxe Rojas