Umorea arma bat da

mirariMirari Martiarena
Umoregile eta komunikatzailea

Umoregile, esatari, kazetari, bertsolari, sorleku duen Pikoketa baserrian tabernari... hainbat jardunetan ibilia da Martiarena (Oiartzun, 1986). Egun, Euskaraldiaren dinamizatzailea da Oiartzungo Ttur-Ttur euskara elkartean, eta umoregile ere badihardu. Bost urtez ibili zen Oiartzun Irratian, hainbat saio egiten: Arguyuan, Kirolez Blai!... baita, Antxeta Irratiko Aitziber Zapirainekin, Amapola Morea saioa ere. Hainbat irratitan egin ditu kolaborazioak. 2017tik, euskara eta generoa ardatz, Bakean dagoena bakean utzi umorezko emanaldia egiten du Idoia Torregarairekin batera.

Oiartzun herri euskaldunean, Euskaraldiaren dinamizatzaile izatea, erraza?
Ez pentsa! Gauza asko errazten ditu, baina buruko min batzuk ere eman dizkit. Egokitu gara, lantalde ona eduki dut atzean, eta bueno... Balorazioak egitean, hutsune batzuk ikusi ditugu, baina indarguneak ere bai; beraz, horiei heldu, eta aurrera!
Urteak egin dituzu Oiartzun Irratian. Ez duzu irratiaren falta igartzen?
Bai. Orain, bakarrizketekin eta, mono hori edo jendearekin egonez betetzen dut, neurri batean. Baina esango balidate orain irratsaio bat egiteko, seguruenik egingo nuke. Gustatzen zait. Irratilaria naiz, halaber.
Irratia bezainbeste maite duzu umorea?
Bai, asko. Bizitzako filosofia handienetakoa da gauzak umorez hartzea, baita une txarrenetan ere. Umore beltza ikaragarri gustatzen zait, eta batzuetan politikoki zuzena ez den arren, ohitu egin beharko genuke, eta umorea umorea dela barneratu. Kontua da oreka pixka bat lortzea. Egun, gainera, gauzak oso estu daude. Umorea arma bat da, indartzeko arma bat, arriskutsua ere izan litekeena batzuetan. Baina gustatzen zaigu.
Bakean dagoena bakean utzi. Norentzat dira zuen zirikak?
Denentzat, zer pentsatua ematen duelako, baita guri ere. Saioaren hasieran, beti esaten dugu: gu konturatu ginen gauzak aldatzeko kontrakoa egin behar dela; beraz, bakean dagoena ez da bakean utzi behar, eta horretan gabiltza. Oso gustura ibili ere.
Zer eman edo ematen dizu umoreak?
Ahalduntzeko kristoren erreminta izan da niretzat. Nik sarri egiten diot barre nire buruari, gauzak arintzeko, ez hain dramatiko ikusteko. Eman? Ez dakit zer ematen didan. Oraindik ez dut ulertzen, baina gustatu egiten zait jasotzen dudana.
Euskara eta generoa, bi gai serio. Umorez hartzea komeni?
Bai. Ez dut esan nahi euskarari edota generoari buruz serio hitz egiten dutenak, pentsalariak, egon behar ez direnik. Egon behar dute, noski. Baina umorearen bidez ere iritsi daiteke mezua. Beste modu batera, baina mezu bera. Maiz, umorea arinkeriatzat jotzen dugu, baina ez da arina. Zeren jendeak barre egiten du, eta zer pentsatuarekin geratzen da. Beraz, bietatik behar da.
Martxoaren 8an, greba, ezta?
Baserri batean zaila da hori egitea, zaintza lanak tokatzen direnean. Egun, adinekoen zaintzari dagokionez, seme-alabarik edo bikotekiderik ez duenak hartzen ditu ardura horiek. Horrek funtzionatzen du gizartean, bai etxean bai lantokietan. Orduan, etxean lan egitea tokatuko zait. Tira, hausnartzeko eta lan horiekin gertatzen dena zabaltzeko balioko du.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Irribarre polit batek.
Eta tristatu? “Egun on” tristea esaten dizunak. Pertsona horiei bizitzeko txartela kendu behar zaie!
Zerk eragiten dizu barrea? Edozer gauzak. Edozein txorakeriak barrea eragiten dit. Txiste txarren fana naiz.
Zerk haserrarazten zaitu? Amak esango luke edozerk aztoratzen nauela. Norbere ardurak hartu nahi ez dituen jendea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Erromeria talde bateko trikitilaria.
Orain zer ez zenuke izan nahi? Politikaria.
Bizio bat: Barre egitea.
Umoregile bat: Idoia Torregarai.
Esatari bat: Antton Telleria. Esatari eta umoregile oso ona da.
Eñaut Mitxelena