Klika, Klika, munduan dabil Korrika!

Korrikak aspaldi gainditu zituen Euskal Herriko mugak. Hamaika egunez euskararen eta AEKren alde Euskal Herria zeharkatzen duen lasterketa erraldoiari kumeak eta neba-arrebak sortu zaizkio azken urteotan. Neba-arrebak, munduko hainbat hizkuntza gutxituk Korrika eredu hartu dutelako beren eskubideen alde: Correllengua Katalunian, Ar Redadeg Bretainian, Rith Irlandan... Eta kumeak, herrialde askotan euskararen aldeko Korrika egiten dutelako han bizi diren euskaldunek. Norbanakoen ekimenez, tokian tokiko Euskal Etxeen bultzadaz, AEKrekin Korrika munduan ezagutarazteko hitzarmena sinatu duen Etxepare Institutuko irakurletzei esker... nazioartean gero eta leku gehiagotan ikus daitezke petodunak lasterka, lekukoa eskuan, Korrikaren eta euskararen aldeko leloak oihukatzen: Buenos Aires, Bartzelona, New York, Berlin, Budapest, Melbourne, Bordele, Leipzig, Paris, Dublin, Boise, Brno, Madril, Chicago, Sydney... Euskaltzaleak nonahi, tipi-tapa euskararen alde, euskara munduari ematen, eta mundua euskarara biltzen. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi.


alemania

“Jendeari irribarrea ateratzen zaio Korrika zer den ulertzen duenean”

2010etik, Alemanian bizi da Unai Lauzirika (Lekeitio, 1980); hasieran Berlinen, eta 2013tik Leipzigen, non euskara irakurle den. AEKn ibilia, “Euskal Herrian egiten diren ekitaldien artean maiteenetakoa dut Korrika. Betidanik sortu izan dit halako zirrara bat  herrian sartzen ikusteak”. Zirrara hori atzerrian sentitzeko aukera izan du, Berlingo eta Leipzigeko Korriken antolatzailea baita.

Berez, nazioarteko lehen Korrika New Yorkekoa izan zuen, 2009an. New Yorkera bi asterako joan zen, lagun bat bisitatzera, eta “konturatu nintzen Korrikan ez nintzela egongo”. Korrikaren zenbait arduradunen bitartez jakin zuen New Yorken ez zela egiten halakorik, eta “neuk antolatuko nuela komentatu nien erdi txantxetan. Esan eta egin: materiala eskatu, plastiko eta peto gutxi batzuk maletan sartu, eta New Yorkera!”. Brooklyneko Euzko Etxeak ere bere egin zuen proiektua, eta Korrika antolatzea lortu zuen: “Harrezkero, New Yorkeko euskaldun eta euskaltzaleek Korrika guztiak ospatzen dituzte".
Berlingo Korrikaren sorreran ere zuzeneko zerikusia izan zuen. 2010eko udazkenean, hirira “heldu eta gutxira, adin bertsuko zenbait “gazte” Berlingo Euskal Etxean sartu ginen. Gure aurreneko proposamena izan zen Korrika antolatzea”. Hala, 2011ko apirilaren 3an egin zuten Berlingo lehen Korrika. “Jonan Lekuerekin eta Nagore Soroarekin batera lantalde txikia osatu eta erabaki genuen ganorazko Korrika bat egin behar genuela, furgoneta eta guzti. Horrez gain, Unter den Linden etorbidea ixtea otu zitzaigun. Lehen Korrika izan zen handinahiena, nolabait esateko”. Are, hura izan zen “egindakoen artean politena. Agian, lehen aldia zelako, edo espero baino askoz jende gehiago etorri zelako, edota Brandenburger Tor-en hasi eta bukatzeak baduelako karga sinbolikoa”. Ordutik, “edizio guztietan aldatu dugu ibilbidea. Urtero, zentzu jakin bat eman nahi diogu Korrikari, hiriarekin lotuta, eta jendea eta elkarteak lekukoa eramatera gonbidatzen ditugu”.
“Jende askok” parte hartzen du Berlingo Korrikan. “Euskal Etxeko ekitaldirik jendetsuena da, eta euskaldun gehien biltzen duena. Halere, euskaldunok antolaketa lana egiten dugu, eta, normalean, lekukoa eta protagonismoa alemanei ematen dizkiegu: Berlinen jaiotako ume euskaldun-alemaniarrak, gure euskara ikasleak, omendu nahi ditugun norbanako edo elkarteak... horiek erakarri nahi ditugu”. Bada, erakargarria suertatzen zaienik ezin uka: “Esango nuke umeek eta euskara ikasleek gozatzen dutela gehien. Atzerritar batentzat euskara aitzakia duen ekitaldi zoroa da Korrika, lasterka eta oihuka zerbait babes daitekeela erakusten duen 11 eguneko maratoia”. Lauzirikak dioenez, “oso giro atsegina sortzen da, eta jende berria ezagutu eta sareak zabaltzeko aukera egoten da”.
Antolakuntzari dagokionez, Euskal Etxeak antolatzen du, eta Etxepare Institutuaren Berlingo irakurletzak ere bat egiten du. AEKrekin zuzeneko harremana dute, eta materiala aurretiaz eskatzen diote. Antolaketan, “hotzak, errepideak edo lasterketak berak baino, teknikak ematen digu buruko min handiagoa: furgoneta alokatzea; mikrofonoa eta gainerakoak funtzionaraztea...”. Kontrara, “poliziaren baimenak lortzea da errazena. 2011n polizia-etxean lasterketaren helburuak azaltzea bitxi samarra izan bazen ere, hurrengo edizioetan poliziaburuek eurek esan ziguten oso egitasmo ederra iruditzen zitzaiela. Jendeari irribarrea ateratzen zaio Korrika zer den ulertzen duenean”.
Aurten, apirilaren 13an egingo dute Korrika Berlinen: “Goizean Korrika, eguerdian bazkari-topaketa, eta gauez Clash aretoak antolatu eta Euskal Etxeak babestutako kontzertu ikaragarria: Zea Mays eta Berri Txarrak”.
Leipzigen, aldiz, apirilaren 4an izango dute hitzordua. Etxepare Institutuak bultzatuta antolatzen dute. Lauzirika, irakurle den heinean, horretan ere aritzen da.
2013an egin zuten lehen aldiz, “irakurletza zabaldu zen urtean”, 40 bat ikaslerekin. “Oso ondo egon zen. Azterketa egunaren aurretik lasterka atera ginen Campusetik Augustusplatzera”.
Leipzigeko Korrikan, soilik unibertsitateko campusean egiten dute lasterka. “Gero, petoak jantzita, hirian zehar joaten gara leku esanguratsuren batera. Baina ezin dugu kartelekin lasterka ibili, ez baitaukagu poliziaren baimenik. Hemen, arauak errespetatu zale dira”. Tamaina aldetik ere, Leipzigen “jende gutxiago biltzen gara: 20 edo 30 lagun inguru. Baina kuriosoa ere bada: Korrikari esker, unibertsitateko ikasle gehiagok daki hemen euskara irakasten dela. Leipzigeko Korrika, hiritarra baino, “akademikoagoa” dela esango nuke”. Hori bai, “ikasleek primeran erantzuten dute”. Kalean dabiltzanek, ordea, “begiratu bai, baina ez dute galdetzen. Hori ez da arazo, dena den, edizio guztietan Korrikak 20-30 enbaxadore berri irabazten baititu Leipzigen”.

bartzelona

Bartzelonako jendea erabat harriturik gelditzen da gure Korrika ikustean”

1993tik egiten dute Korrika Bartzelonan, Korricursa izenpean, Bartzelonako Euskal Etxeak antolatuta. Sara Galar (Iruñea, 1977) eta Ioseba Landa (Donostia, 1988) Bartzelonan bizi dira, 2001etik eta 2012tik, hurrenez hurren, eta antolakuntza lanetan ibiltzen dira. Galar 2003tik; Landak, berriz, aurtengoa du lehen aldia.

Galar eta Landa Euskal Etxeari lotutako euskal komunitatearen parte dira. Lehena Euskal Etxeko batzarkide ohia da, eta bigarrena bertan irakasle. “Euskal Herriarekin harremana duten jarduerak sustatzeaz gain, euskara bultzatzeko edozein ekimenekin bat egiten dugu. Helburu hori, betiere, Katalunia eta Euskal Herriaren arteko zubi lanarekin lotzen dugu”.
Zubi lan horretan, berezko lekua du Korricursak. “Funtsean, Korrikaren espiritu bera du, baina kros hitza katalanera itzuli, eta cursa erantsi zaio”. Aurten, apirilaren 6an izango dute hitzordua. Lehendik ere “hainbat ekimen antolatu dugu, Korrika Kulturala izenpean, Korrikako giroa bultzatzeko”.
Apirilaren 6an egun osoko egitaraua izango dute. “Korrika eguna gosari batekin hasten dugu, eta, segidan, umeen Korrika Txikia egiten da”. Behin Korricursa hasita, bizpahiru geldialdi egingo dituzte ibilbidean, eta bakoitzean kultur ekitaldiak izango dituzte. Korrika amaitutakoan ere, jaiak ez du etenik. Euskal dantza emanaldia eta herri bazkaria antolatzen dituzte, “eta festa giro paregabeari amaiera emateko, kontzertuak”.
Ibilbide finkorik ez du Bartzelonako Korrikak. “Urtez urte aldatu egiten dira abiapuntua eta helmuga: Euskal Etxetik Nafarren Etxera, Gracia auzotik Euskal Etxera...”. Hala, aurten Euskal Etxetik Sants auzoan dagoen Can Batlló gune autogestionatura joango dira. Hain zuzen, Galarrek eta Landak nabarmendu dute azken jaia Can Batllón ospatuko dutela “horrelako proiektu herrikoei gure babesa emateko”. Era berean, Sants auzoko Can Vies gune sozial okupatuan ere egingo dute geldialdia, baita Raval auzoan ere, “bertako kultur aniztasunarekin eta autoantolakuntzarekin bat egiteko”.
Jendetsua izan ohi da: “Bazkarian, 350 pertsona inguru izaten gara, eta egun osoan 500 bat lagun ibiltzen gara festan; gehienok, hemen bizi garen euskaldunak”. Hiriko kaleetan arineketan, ez dira pasatzen oharkabean. “Bartzelonako jendea erabat harriturik gelditzen da gure Korrika ikustean, polizia aurretik eta atzetik dugula, bozgorailuarekin sekulako zarata egiten eta euskaraz oihukatzen”.
Batzuk harritu, besteak hunkitu. Parte hartzaileek “zirrara eta ilusio handiz” bizi dute. Halere, Korrika zapuzteko arriskurik ere izaten da: “Arazo nagusia, normalean, eguraldia izaten da. Bartzelonan, oro har, ez dago aisialdirako aterperik. Azken lau edizioetan, euria izan dugu lagun, eta 2009an bertan behera utzi behar izan genuen”.
Urrian hasi zituzten Korricursa antolatzeko lanak, 20-25 bat lagun aritzen dira horretan. “Gauza asko dira”, eta, ondorioz, batzordeak antolatzen dituzte. AEKrekin ere harremanetan jarri ohi dira, “petoak, pankarta eta eranskailuak eskatzeko. Asko eskertzen dugu laguntza hori”. Hori bai, “gauza gehiago bidaltzea gustatuko litzaiguke, kar-kar!” .
Lanak mordoxka, eta buruhausteren bat edo beste ere bai. Esaterako, “Bartzelonako araudi zibikoak beti izaten ditugu oztopo: trikipoteoa bezalako kale jarduerak antolatzeko, adibidez, Udalak beti jartzen dizkigu arazoak”. Korrika egiteko ere, nahiko lan izaten zuten iraganean: “Legezko baimenen afera dela eta, hasierako urteetan bizikletaz egiten zen. Azkenekoak, manifestazioak egiteko baimena eskatuta korrika egin ditugu”.
Halaxe egingo dute aurten Galarrek eta Landak bai Bartzelonan bai Euskal Herrian. Izan ere, biek erosten dute urtero Euskal Herriko kilometro bat, eta, noski, parte hartzen saiatzen dira. Bai Bartzelonakoak bai Euskal Herrikoak "antzeko zirrara eragiten digute. Alde nagusia da han kilometro bakarra dela, eta hemen egun osoko inplikazioa eta lana izaten ditugula”. Halere, ez dute zalantzarik: “Lanak merezi du. Katalanak ez daude ohituta egun osoko festetara, eta horregatik Korricursa erreferentea da Bartzelonako ekitaldien agendan. Bide horretan jarraitzeko asmo irmoa dugu, eguraldiak pixka bat laguntzen badigu, jakina!”.

sydney

“Korrikak etxera hurbiltzen gaitu”

Datorren apirilaren 7an, bosgarren aldiz aterako da Korrika Sydneyko kaleetara, Gure Txoko Basque Club euskal etxeak antolatuta. Izaskun de Allende (Bilbo, 1985) 2014an heldu zen hara, “lanera eta esperientzia berri baten bila”. Esperientzia horien artean dago Korrika Euskal Herritik kanpo bizitzea.

Sydneyko hirugarren Korrika izango da hau Izaskun de Allenderentzat: “Sydneyko euskal etxea Korrikan parte hartzen hasi zenetik, 17.ean, egutegian bi urterik behin dagoen ekintza da, agendaren parte bilakatu da. Adin guztietako jendea etortzen da, eta oso egun polit eta esanguratsua izaten da guretzat, etxera hurbiltzen gaituelako. Ilusio handia eragiten digu!”.
Sydneyko Korrika Gure Txokon amaitzen da: “Goizean goiz hasi eta bazkalordurako heltzen gara. Euskal etxean igandero egiten da bazkaria, eta Korrika egunean ere horixe izaten da plana. Halere, normalean baino jende gehiagok ematen du izena, eta jai giroan ospatzen dugu. Azken urteotan, 60-80 pertsona inguru bildu izan gara”. Normalean, antolaketaren motorra euskal etxeko batzordea izaten da, baina “gero eta boluntario gehiago batzen zaizkigu petoak eta pankarta egiteko, bazkaria antolatzeko eta abarrerako”.
Pankarta bat hartuta lasterka ikusten dituztenean, “kaleko jende askok txundituta begiratzen” die: “Batzuek galderak ere egiten dizkigute. Hainbatek ezagutzen du Euskal Herria, ezagun dituzte historiaren, hizkuntzaren eta kulturaren nondik norakoak; beste zenbaitentzat, aldiz, guztiz ezezaguna da gure kultura”. Ez omen dute baimenik eskatzen Korrika kalera ateratzeko: “Beharbada, egin beharko genuke, kar-kar! Batez ere, Opera House delakoaren ondoan edo badiako zubian galdetu izan digute poliziek edo segurtasun langileek zertan ari garen, eta alde egiteko ere eskatu digute, baina nahiko eskuzabalak izan ohi dira. Denbora luzez geratzen ez bagara, ez dago arazorik”.
Sydneyko euskaldunek, dena den, Euskal Herriko Korrikan ere hartzen dute parte: “Kilometro bat erosten dugu han”. Hala, Gure Txokok 21. Korrikan ere eskatu du kilometroa, eta “Australiako Euskal Etxeetako lagun eta senideak, Euskal Herrian daudenak, bidaliko ditugu korrika egitera; oraingoz, baina, ez dakigu nora”. Iaz erosi zuten lehenengo aldiz, Gernikan, “eta oso polita eta esanguratsua izan zen gure lagunak eta senideak han gure kilometroa egiten ikustea”.
Sydneyko Gure Txoko Basque Club euskal etxean, ehun bat bazkide dira, “baina oso sakabanatuta gaude, Sydney oso handia delako”. Hala ere, berrogei lagun inguru bildu ohi dira euskal etxean igandero, elkarrekin bazkaltzeko. Gure Txokon egiten den lan guztia boluntarioa da: “Sukaldariek musu-truk prestatzen dute igandeetako bazkaria (hamar lagunen artean, txandak egiten dituzte urte osoan), euskara eta dantza eskolak eskaintzen ditugu dohainik, eta Korrika, sanferminak, Aberri Eguna, Olentzero, Euskararen Eguna... ospatzen ditugu dagokienean”.
Duela urte gutxira arte, euskal etxera hurbiltzen ziren gehienak euskaldunak ziren, baina azken urteotan australiar gehiago batu zaizkie. Euskal etxeko dinamika aldatzearen ondorioa izan liteke: “Gauza gehiago antolatu dugu kalera begira, eta inguruko ekintza gehiagotan parte hartu dugu. Adibidez, 2016an, euskal etxearen 50. urteurrena ospatu genuenean, Gure Txoko Film Festival antolatu genuen, eta Loreak eta Urteberri on, amona! eskaini genituen Newton auzoko zineman. Aretoa bete genuen! Gainera, International Day of the World's Indigenous Peoples delakoa ospatu izan dugu, Sydney Design Festival-en parte hartu, etab. Sydneyko aldizkari gastronomiko pare batean ere agertu da euskal etxea, eta horrek jende gehiago hurbiltzea bultzatu du. Uste dut euskal kultura ezagutzen duen edonork, Sydney inguruan dagoenean gure berri entzuten badu, bisita egiten digula! Gaur egun oso giro polit eta osasungarria dagoela esango nuke, pertsona motari dagokionez oso zabala eta aberatsa”. Eta guztiak Klika egiteko prest!