Athleticeko neskek gehiagotan jokatu beharko lukete San Mamesen?

ikamika

Iragan urtarrilaren 30ean, Espainiako Kopako final-laurdenetako partida jokatu zuten Athleticek eta Atletico Madrilek San Mamesen. Madrildarrek irabazi zuten, eta txapelketatik kanpo geratu ziren hemengoak. Nolanahi ere, ondo gogoan izango dute partida, San Mames lepo bete baitzen etxeko taldea animatzeko: 48.121 ikusle harmailetan. Hots, Europan emakumezkoen partida batek inoiz izandako ikusle kopururik handiena, ia Athleticeko gizonezkoen lehen taldeak lortutako betekaden parekoa. Hala, eztabaidarako hainbat gai jarri dira mahai gainean: emakumezkoen futbola ikusgai jarri beharra, horren eragin positiboa, bai emakumezkoen kirol profesionala bultzatzeko bai gazteek erreferenteak izateko... Zuen ustez, Athleticeko emakumeen taldeak beti edo gehiagotan jokatu beharko luke San Mamesen? Uribe Butroeko AEK euskaltegiko B2 eta C1 mailako arratsaldeko ikasleak.

1. Marian
Neskek eskubide berdinak eduki beharko lituzkete. San Mamesen jokatu beharko lukete, Lezaman jokatu beharrean. Ez da gauza bera haientzat eta publikoarentzat partida San Mamesen ala Lezaman ikustea.
2. Irene
San Mamesen emakumeek gehiago jokatuko balute, diru gehiago irabaziko lukete, eta emakumezkoen futbola eta harrobia handitu egingo lirateke. Gainera, emakumezkoen futbola sustatzea genero rola aldatzeko urratsa izango litzateke, berdintasuna apurka-apurka lortzeko.
3. Esti
Ez naiz futbolzalea, baina Athleticeko neskek San Mamesen jokatu beharko lukete. Klubean neska eta mutil taldeak daude, eta denek dute San Mamesen jokatzeko eskubidea. Nik kontrako galdera botako nuke, zergatik ez? Ez dut ulertzen zergatik ez duten bertan jokatzen.
4. Ane
Gehiagotan ez, beti jokatu beharko lukete San Mamesen. Berdintasunaren alde gero eta gauza gehiago egiten dira, baina Athleticeko neskek partida bereziak bakarrik jokatzen dituzte San Mamesen. Neskek mutilek beste eskubide izan beharko lukete, berdinak direlako.
5. Fatima
Emakumeek, gizonek bezalaxe, beti jokatu beharko lukete San Mamesen. Onartezina da oraindik ere horrelako desberdintasunak egotea.
6. Ihart
Athleticeko neskek partida guztiak jokatu beharko lituzkete San Mamesen. Azken batean, berdintasuna bultzatu behar da. Gainera, beti San Mamesen jokatuko balute, ikusleria handitu egingo litzateke.
7. Julen
Aurrekoan ikusi genuen neskak San Mames betetzeko gai zirela. Hortaz, zergatik ez jarraitu bertan jokatzen? Emakume zein gizon izateak ez luke zertan baldintzatu, eta horrez gain, emakumeen futbola sustatzeko aukera paregabea izango litzateke.
8. Jon Ander
Neskek San Mamesen jokatu behar dute, baina prozesua astiro garatu beharko litzateke. Aurreko partidan gertatutakoa, zoritxarrez, ilusio bat baino ez zen izan. Hala ere, Athleticentzat errentagarria izango balitz, pentsatuko lukete.