Dorretxeak eta mendiak Georgiako Kaukason

georgia

Svaneti edota Kazbegi entzun, eta begiek gora egiten dute, ezinbestean. Izan ere, Georgiako mendirik altuenak bertan daude: Shjara (5.193 m) eta Kazbek (5.047 m). Bata Svanetiko eskualdean, Errusiatik 88 kilometrora; bestea Ipar Osetiako mugatik gertu. Paraje eder horiek ezagutzeko aukera eman digu Georgiako Kaukason egindako bidaiak. Juan Luis Mugertza.

 

Tiflis-Kazbegi. Georgiako hiriburuko metroa erabili dugu Didube auzoko autobus geltokira joateko, eta bertatik Kazbegira (edo Stepantsminda) marshrutka (furgoneta) batean joan gara. Ondoan, bikote alemaniar bat suertatu zaigu, baina gutxi gara, antza, ibilgailua mugiarazteko. Azkenean, apurtxo bat gehiago ordainduta, laurok elkarrekin joatea erabaki dugu. Bidea oso txarra da. Gainera, oso azkar gidatzen dute. Googleren itzultzailea erabili dugu, sakelako telefonoan, georgieraz “poliki” (upro nela) esateko, baina, alferrik; azkenean, irribarrez moteldu du abiadura.
Egokitu zaigun Taliko guest house-a emakume zahar batek kudeatzen du; ez du hitzik egiten ingelesez, eta guk informazioa nahi dugu Kazbek (5.047m) mendiaren magalean XIV. mendean eraiki omen zuten Gergeti Trinity Church izeneko elizara joateko. Edonola, zortea izan dugu. Herria txikia da, baina badu informazio bulegoa. Buruan dugun mendi buelta egiteko, hiru aukera daude: oinez, taxiz edo zaldiz. Guk herritik hurbil dagoen bidexka bat hartu dugu, Erdi Aroko dorre baten ondotik pasatzen dena. Ordubete pasatxo aldapan gora ibili eta gero elizaren kanpoaldean gaude, eta hantxe dugu Kazbek mendi tontor elurtu handia; amildegi ertzean, berriz, larre berdeak, behiak eta zaldiak. Postalak irudi eder hori eskaini ohi badu ere, bertara joateko jende askok erabiltzen dituen autoen joan-etorriak paisaiaren xarma desitxuratzen du. Masifikaziotik ihes egiteko, apur bat gorago joan gara. Batzuetan, Pirinioen antz handia hartzen diegu mendiei, baina hemengoak handiagoak dira.
Gaur, atzo bezala, Trinity Churchetik gora egingo dugu; baina, atzo ez bezala, 1.000 metroko desnibela dugu, Gergeti glaziarrera helduko bagara. Zazpi kilometro luze omen da, eta ondoan mendi aterpe egin berria dago, 3.700 metrora. Bederatzi bat ordu behar dira joan-etorria egiteko, baina gu ez gaude sasoian, koman baizik. Izan ere, oso azkar jabetu gara, behin altuera jakin batera iritsita, pauso bakoitzak zer-nolako ahalegina eskatzen digun. Ez gara helmugara iritsi, gertu geratu gara, baina polita izan da egindakoa. Afaltzeko, Georgiako plater tipiko bi probatu ditugu: kharcho zopa (okela, arroza eta barazkiak) eta churchkhela izeneko postrea (kandela itxurako intxaur aleak, irina eta hurrak, muztioan bustita).
Jutara joango gara, baina mendira baino, txorietara. Basoilar lira (Tetrao mlokosiewiczi) eta Kaukaso basoilarra (Tetraogallus caucasicus) ikusi nahi ditugu. Ez dago modurik hemengo ibilgailuetan lasai joateko. Hasierako errepide zatitxoa nahiko itxuroso bazegoen ere, Sno herrixkatik Jutarakoa zuloz beteta eta lokaztuta dago. Bailara ikaragarria da, eta amildegiak eta errekatxoen murmurioak are ederragoa egiten dute. Herrixkak etxe batzuk baino ez ditu, eta ostatu bat. Goizeko bederatziak dira, eta arratsaldeko lauretan gelditu gara hemen, Kazbegira bueltatzeko. Tarte laburra oinez egin ostean, mendi aterpe bat ikusi dugu, eta inguruan behiak. Txoriei buruzko liburua eskuan, behizainarengana hurbildu, eta basoilarren irudiak erakutsi dizkiogu. Esku keinu batez, mendi lepo batera bidali gaitu, eta guk didi madloba! (eskerrik asko!) esan diogu. Harkaitz zozo gorria (Monticola saxatilis), gailupa arrosa handia (Carpodacus rubicilla)… ikusi ditugu, baina basoilarrik ez. Entzun bai, eta oso gertu, baina gaur ere euriak bete-betean harrapatu gaitu, eta blai eginda eta amorratuta alde egin dugu. Gure aldarteaz jabetuta edo, ostatuko andreak chacha (etxean egindako mahats vodka) tragoxka bana atera digu adoretzeko. Bihar, Mestiara goaz.
Tblisi-Zugdidi-Mestia. Lehenengo begi kolpean, Svaneti eskualdeko herrixkarik garrantzitsuena, 2.500 bizilagunekoa, atsegina iruditu zaigu. Ostatura joan aurretik, Laila izeneko tabernaren kanpoaldean eseri gara, zer edo zer hartzeko. Gaueko plana eginda daukagu: musika tradizionala joko dute bertan. Hau ez da Kazbegi. Atzerritar asko gaude, beraz, lotarako eta jateko eskaintza zabala dago. Gaur, patxadatsu aritu gara, biharko plana buruan, eta funikularra erabili dugu goialdeetara iritsi eta mendiak ikusteko. Nahiko berandu ibili gara afaltzera joateko. Dena den, parada izan dugu Kviria taldearen musika entzuteko. Hizkuntzen arteko ahaidetasuna dela eta, gure zalantzak baditugu ere, bertako kantika polifonikoak edota eztarrikoak entzutean Euskal Herrian geundela iruditu zaigu behin baino gehiagotan. Saioa bukatutakoan, musikariekin aritu gara berriketan, eta euskaldunak garela esan diegunean identifikatuta sentitu dira. Haiek svan herritarrak dira, eta izen bereko hizkuntzan mintzatzen dira. Kaukasoko beste leku batzuetan bezala, ez dute feudalismorik ezagutu, bertako bizilagunak askeak ziren. “Horretaz harro gaude, baina egungo bizimoduak kezkatzen gaitu” dio zaharrenak. Itxura denez, Svanetin azken urteotan gertaturiko aldaketa neurriz kanpokoa izan da. Errepide gehienak, laster, Ushguliraino asfaltatuko dituzte. Aireportua eta Georgiako eski estaziorik handienak Mestia inguruan egin dituzte. Svan hizkuntzak gero eta hiztun gutxiago du gazteen artean.
Gaur, ez dugu inolako garraiobiderik erabili Koruldi lakura joateko, 2.800 metrora. Hori bai, bi bide izan ditugu aukeran 2.200 metrora dagoen burdinazko gurutzera heltzeko: motza edo luzea. Guk motza aukeratu dugu, baina luzea egin zaigu, oso. Guztira, 1.300 metroko desnibela egin dugu, zazpi ordu pasatxoan. Nahikoa. Gainera, Krupper garrapoa (Sitta kruperi) ikusi dugu. Ostaturako bidean, txinatar gaztetxo batek, Tinak,   galdetu digu ea bihar trekkinga egiteko asmorik dugun; antza, bakarrik ez da ausartzen. Txineraz hitz egin diodanean, Wo huei shuo idyanr putonghua (txinera apur bat badakit), harri eta zur gelditu da. Bi barik, hiru izango gara. Bart gaueko tabernara  joan gara afaltzera, eta biharko trekkinga ahotan patxadaz aritu gara hitzak ahalik eta ondoen murtxikatzen. Ohikoena lau egunean egitea da, hots, Mestian hasi eta Ushgulin bukatzea. Tokirik politenak bigarren eta hirugarren egunetakoak omen dira. Laugarren egunekoa derrigor egin behar, bukaera baita. Zalantza lehenengo egunekoa da; azkenean, ez egitea pentsatu dugu, eta Mestiatik Zhabeshira marshrutka batean joango gara.
Zhabeshi-Adishi. Bakarrik etorri bagina, ez dakit nola konponduko ginen, baina Tina ondoan dugula ez dago arazorik. Oraindik ez dugu betarik izan elkar ezagutzeko, baina dagoeneko jabetu gara gauza batez: gure neskatxoa ezin da sakelako telefonorik gabe bizi. Orain, badakigu aste osoko eguraldia nolakoa izango den (ederra), ibilbideak zenbat kilometro dituen (10,6), eta zenbateko desnibela dagoen (⬆ 909 m, ⬇ 527 m). Gaurko ibilbidea luzeena da, eta 8 ordu behar omen dira. Lo egiteko lekua ez dugu lotu, baina sasoi honetan ez du ematen arazorik izango dugunik. Aurreikusi baino azkarrago egin dugu (6 ordu eskas), eta ikusitakoa... hitz ederrenek ere ezingo lukete azaldu, beraz, zuek irudikatu.
Adishin, denboran atzera egin dugu, gerra sasoietan babesteko Erdi Aroan (IX-XIII) egindako dorretxeak ikusi bezain laster. Egun, Svanetin, 200 bat gotorlekuk zutik jarraitzen dute, eta artaleak eta belar ondua gordetzeko erabiltzen dituzte. Lokaztutako zidorretan sartu, eta, gure zain egongo balitz bezala, emakume gazte bat gerturatu zaigu: “Guest house?” Baserria oso umila da, bertako bizilagunen antzera. Logela, komuna eta jangela ikusi ondoren, andrearekin mintzatu gara. Herrian, hamalau familia bizi dira, baina berea uda partean bakarrik egoten da bertan. Izan ere, neguak oso gogorrak dira, eta umeek ez dute izaten eskolara joateko aukerarik. Afaltzen geundela, beste gauza bat ikasi dugu gure lagun txinatarrari buruz: edaten zein jaten dagoela, oraindik ez dakigu oso ondo zurrupatu, mamurtu… edo zer egiten duen, baina zarata itzela egiten du. Biharko ibilbidean, erreka zeharkatu beharko dugu, eta badirudi ura nahiko bizi datorrela. Hori dela eta, ea zaldirik nahi dugun galdetu digu andreak; 50 lari dira laguneko (lari 1 = 0,35 euro).
Adishi-Iprali. Nihao! Hantxe ikusi dugu gure Tina gosaltzen, burua makurtuta pantailari begira, katilua kafez gainezka, eta zurruparen irratia piztuta, eguneko informazioa ematen. Gaurko bidea luzeagoa da (18.7 km), baina desnibela txikiagoa (⬆ 860 m, ⬇ 1069 m), eta denbora antzekoa (8 ordu). Andrea agurtu, eta, Adishi erreka eskuinean dugula, ordubetez ibili gara jende gehiagorekin batera. Hemen ez dago galtzerik, guztiok goaz leku berera. Ura glaziarretik dator, eta emaritsu leku askotan. Urruti, zaldiak ikusi ditugu, eta turistak ere bai tratuan. Bakan batzuek, ausartenek edo, praka motzetan eta mendiko botak eskuan errekaren beste aldera egin dute. Besteok, aldiz, zaldian, kaka-kaka eginda. Errekaren murmurioa atzean utzita, aldapan gora sigi-saga, bi orduan iritsi gara Chkhunderi mendi lepora (2.655 m), eta orain arteko ikuspegirik politena ikusi dugu: Adishi eta Khalde glaziarrak. Azken txanpa beherantz egin dugu, eta, Ipralirako bidean, Khalde herrixkaren hondakinak ikusi ditugu: XIX. mendean errusiar armadak txikitu bazuen ere, Georgiako sinboloa da, erakutsi zuen ausardiagatik. Atzerritar asko ikusi dugu bidean, eta zorte handia izan dugu, Ucha ostatuan lo egiteko tokia lortu baitugu; gure atzetik etorritako batzuk lekurik gabe gelditu dira. Mahai luze baten bueltan batu gara denok afaltzeko, baina gure Tinak ez du errepertorioa aldatu.
Iprali-Ushguli. Orain arte egindako motzena da (12,4 km), zentzu guztietan, eta desnibela ere nahiko apala (⬆ 677 m, ⬇ 436 m). Jende gehienak errepide nagusitik egin ohi du azken egunekoa, baina guk zalantza handiak ditugu. Azkenean, ez oso konbentziturik, Tinari eta bere telefonoari egin diegu kasu; hala, 1,5 km errepidetik egin ostean, egurrezko zubi bat gurutzatu dugu Davberi herrixkara joateko. Gero, apurtxo bat gorago, ezkerraldean, ataka bat zeharkatu dugu, non egurrean Ushguli ageri zen idatzita. Zenbait zatitan, nahiko gaizki adierazita zegoen bidea, baina oinezkoek utzitako arrastoek eta, askotan, Tinaren GPSak lagunduta, lau ordu eskasean Ushgulira heldu gara. Azken bi kilometroak, nahitaezkoak, bide nagusitik egin ditugu, eta autoek eragindako hautsa itogarria izan da. Ushgulira heltzen ari ginelarik, gaztetxo batzuk ikusi ditugu zaldian trostan, eta horrek dorretxeek barruan gordeko duten historia irudikatzen lagundu digu. Bihar, Mestiatik Tblisira joateko, ez dugu marshrutka-rik hartuko. Hegazkin txiki bat erabiliko dugu dorretxeak eta mendiak berriro ikusteko, eta agur, edo gero arte, esateko.