Kulturan ere, Klika

klika

Ez dira alferrik igaro 25 urte luze: 8. Korrikan sortu zenetik, Korrika Kulturala sendotu egin da. 21. Korrikak ere badu, nola ez, bere kultur alderdia. Sei ikuskizun estreinatuko dira oraingoan, baina ehunka ekitaldi antolatuko dira Euskal Herriko beste horrenbeste txokotan, Euskal Herriak kulturari ere Klika egin dion seinale. Guztiek egin dute Klika: euskarazko kultura sortu eta kontsumitzeko Klika, euskal komunitatea osatzen jarraitzeko Klika, euskararen aldeko konpromisoari Klika... Hala, Korrikak euskarazko kultur sorkuntzari Klika egitera gonbidatu nahi ditu Korrikazale guztiak. Horretarako prestatu du agenda oparoa, Korrikaren webgunean ikusgai dagoena,  eta horregatik izango dituzte deskontuak emanaldietan Korrika Laguntzaileek. M. Egimendi.

Estreinaldiak

Garaikideak
Dantza entzun dezagun
(Aiko Taldea)
Garaikideak ikuskizunean, dantza entzungai eta musika ikusgai bihurtzen dira. Kontzertua ere bada, lau musikarik (gitarra, akordeoia, kontrabaxua eta txistua) dantza musika jotzen baitut. Aiko Taldeko dantza maisuek, berriz, oinekin kantuan, gorputz osoaz musikaren bozgorailu lana egiten dute, dantzan. Emanaldi bakoitza ezberdina izanen da, inprobisazioa eta sorkuntza tradizioaren parte ere badirelako.

Enkarguz
Sormenaren ibaian
(Xabier Zabala eta Andoni Egaña)
Enkarguz jendaurreko sormen prozesu baten agerpen konprimatu, azeleratu eta ikusgarria da, kanta bat egiteko enkargua. Xabier Zabalak eta Andoni Egañak hamaika abesti sortu dituzte elkarrekin, eta lanketa hori oholtzarako prestatu dute. Musikaren eta hizkuntzaren artisauei Alberto De Abajo gehitu zaie, publikoak, pantailaren bitartez, sormen prozesuaren urratsak argiago jarrai ditzan.

Jule
Kale antzerkia
(Hortzmuga Teatroa)
Umorez, fantasiaz eta irudimenez betea dator familia osoarentzako ikuskizun hau: eraikin bat eraistear dagoela, bertako biztanle batek handik ateratzeari uko egingo dio, hainbat amets bete gabe dituelako. Eraikuntza lanetako zaindaria, berriz, familiarik ezaren hutsuneak jota dago, ametsetan ernai. Neskato batek, familia zeharo ahaztuta, ametsetan ere ez daki dagoeneko. Ametsak gogotsu amestu behar direla sekula ez ahazteko aitzakia.

Oholtza
Performancea
(Beñat Krolem)
Oholtza bertsolariaren jardunari tokia eskaintzeko bat-bateko eskultura performancea da, mugikorra eta artikulagarria. Adibidez, Krolemek sistema elektronikoa duten led argiztapen piezak sortu ditu, eta, aginte baten bitartez, argien kolorea, intentsitatea nahiz erritmoa zain ditzake. Pieza hauen arteko aldaketei esker, Krolemek eskulturak sortuko ditu, bere gorputza zein bertsolariena erabiliz.

Musua
(Pirritx, Porrotx eta Marimotots)
Mundua mundu denetik, eguzkia biraka ari da, eta gu haren inguruan. Eta dei egiten dio lurrari esnatzeko, azaleko zomorroak astindu eta mozorrotzeko. Mundua mundu denetik, hartzak kobazulora sartzen dira neguko solstizioetan, eta kilkerrak kanpora ateratzen udakoetan. Eta guk dantzatu eta kantatu egiten dugu negu zein uda, egin arren euria, atera arren eguzkia... Eguzkiak ez ezik, musuek ere biraka jartzen dutelako mundua.


Kalaportu
Sarrionandiaren lurralde poetikoa
Sarrionandiaren lurralde poetikoa agerian utziko duen ikuskizuna, hainbat musikari eta idazlek osatua: Audience, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Xendarineko Ahizpak, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Dana (Kuba), Gorka Urbizu, Ruper Ordorika, Uxue Alberdi eta Harkaitz Cano. Mireia Gabilondoren ikus-entzunezkoen irudiek eta Sarrionandiaren poemek eurek lagunduko dute aipatu lurralde poetikoa irudikatzen.

Irakaskuntzan ere Klika!

AEK-k eta Ikastolen Elkarteak 21. Korrikaren edukiak lantzeko unitate didaktikoa osatu dute elkarlanean. Orereta Ikastolako irakasle Iñaki Zapirainek sortu du hezkuntza formaleko etapa guztietara, Haur Hezkuntzatik 18 urtera bitartera, egokitutako materiala, ikastetxe guztietan baliatzeko modukoa. Xedea da ikasleen artean euskararen erabilera sustatzea, eta Korrika ekimenaren zergatiaz eta beharraz ohartaraztea. Osorik online landu ahal izango da lehen aldiz, baina paperean ere deskarga daiteke, Korrikaren webgunean (www.korrika.eus).