Arrautza kraskatzeko adina

sortegiak

Sortegiak du izena Oihaneder Euskararen Etxeak 14 eta 18 urte bitarteko gazteei eskaintzen dien sormen laborategiak. Urtarrilean abiaturiko bertsolaritza tailerrean, izena emandako neska-mutilek aukera dute kantagintzan, antzerkigintzan eta zinemagintzan trebatzeko, apirilera arte. Gazteengan kulturarekiko grina pizteko proposamen berri honek lehen edizioa du aurtengoa. Josune Velez de Mendizabal.

 

Oihane Perea bertsolaritzan, Jon Basaguren kantagintzan, Unai Lopez de Armentia antzerki dantzan eta Maider Oleaga ikus-entzunezkoen alorrean. Egungo kultur esparruan erreferente diren belaunaldi bereko lau aditu arabar hauek aukeratu ditu Sortegiak-ek lehen edizioan irakasle izan daitezen.
Oihanederrek Sortegiak laborategian parte hartzeko proposamena egin zienean, poz handiz hartu zuten laurek eskaintza. "Nire buruaz gogoratu nintzen, adin hori nuenean” azaldu du Oihane Pereak. “Zelako oparia izango zen 16 urte nituenean hau existitu izan balitz!". Bertsolariaren iritziz, ikasleek “izugarrizko” potentziala dute adin horrekin. Pereak jakin badaki zertaz ari den, 25 bat urte baitaramatza gazteekin lanean. "Asmatzen badugu beraiengan pasioa sortzen, bide horretatik jarraituko dute. Gehienok adin horrekin erabaki genuen gure ametsak betetzea. Horregatik, guk orain dauden unean eragin ahal izatea itzela da" hausnartu du Pereak, zeina 12 urterekin Bertso Eskolan hasi zen.
Lotsak eta epaiak kanpora
Unai Lopez de Armentia bat dator Perearekin. Antzerkigintza ikasketak Londresen eginda, egun Baratza arte eszenikoen laborategia kudeatzen du Garazi arrebarekin batera, Gasteizen. "Sortegiaken, nire premia izan da aurreiritziak ezabatzea, antzerkiaz lotsarik eta epairik gabe goza dezaten. Jakin badakigu adin horrekin oso zaila dela” onartu du aktoreak. Lotsak tarteko, batzuetan ez dituzte ariketak egin nahi, baina behingoz askatzen direnean, ‘Itzelak zarete!’ -botatzen die Lopez de Armentiak.  "Haien ahalmena ikaragarria da!".
Nahi eta nahi ez, gazteek konplexuak dituzte. Irakasleek egiaztatu dute gazteak “arrautzan” sartuta egon direla hasierako egunetan, baina denborak aurrera egin ahala, garapena izan dute. “Arrautza lehertu egin da, eta horrekiko erantzukizuna ere badugu irakasleok. Horregatik izan da inprobisazioa nagusi gure saioetan; hau da, eskolak haien erritmora moldatu behar izan ditugu".
Jon Basagurenek kantagintza ikastaroa eman zuen otsailean. Hasierako saioak prestatu egin zituen; gerokoak, berriz, “irekiak” izan ziren. Lehenik eta behin, taldean zer giro zegoen antzeman nahi zuen, eta parte hartzaileek zer landu nahi zuten jakin: “Susmoa nuen gazteak zerbait berriaren bila zetozela, jakin-min zehatz batekin, beste era bateko esperientzia jasotzera...".
Arte diziplinak uztartzen
"Unai, Oihane eta Jonek esandakoak baliatuko ditut nire eskoletarako" dio Maider Oleagak. Izan ere, apirileko saioek zinemagintza izango dute ardatz. Urteetan Mexikon ibilitakoa da Oleaga, ondoren Donostian, eta duela urtebete bueltatu zen jaioterrira. Zinema zuzendariak oso gustura hartu du Sortegiak egitasmoan parte hartzeko proposamena. "Batetik, euskaraz da, eta, bestetik, gazteek zinema sorkuntza beste modu batean ikustea oso inportantea iruditzen zait, etorkizuneko zinemagintza eta zinemagileak berritzaileak izan daitezen" nabarmendu du.
Hainbat arte diziplinaren lanketa ezinbestekotzat jotzen dute lau irakasleek. "Nerabeei oso ondo datorkie kulturaren alor ezberdinak jorratzea, artearekiko ikuspegi zabalagoa izaten laguntzen baitie" dio Oleagak.  Pereak zera erantsi du: "Bertsolaritza aukeratu nuen nik, baina beste diziplinak ere maite ditut. Lehenik eta behin, sortzailea izan, eta, ondoren, sormenaren bide horretan zenbait diziplina uztar edo gurutza ditzakezu".
Astelehenak inoiz baino dibertigarriagoak
Zer aurkituko zuten oso argi izan gabe eman zuten izena egun ikastaroan dabiltzan gazteek. Euskaraz izatea bazuten lehentasun. "Gauza ezberdinak probatu nahi genituen, lagun berriak egin, eta hori guztia euskaraz egin nahi genuen" dio Irune Calvo parte hartzaileak. Astelehenero izaten dira ikastaroan Oihaneder Euskararen Etxean, eta badu zerbait berezia astea sormen laborategian hasteak. "Aste hasiera orain dibertigarria da, ez betiko astelehen aspergarri haietan bezala” adierazi du Mikel Etxeberriak, ikastaroetan parte hartzen duen beste gazte batek.
Zortzi bat gazte ari dira Sortegiak egitasmoan parte hartzen. "Talde txikiak abantaila du. Elkar ezagutu ahala, lotsak kendu, eta gauzak egiten ausartzen gara" aipatu du Olatz Arraizek.  Institutuan artearekin lotura duen ekintzarik ia ez dagoela salatzen dute gazte hauek.
Sortegiak programako irakasleak bat datoz horretan: "Ikastetxeetan, sorkuntzak gero eta leku gutxiago dauka. Ekinbide honi esker, guk hazia jarri dugu, kostata, baina errotu dugu, eta aurrera egingo dugulakoan gaude".