Zaldiekin askatasunean

zaldi

Zaldiekin lan egiteko modu ezberdina ezagutu dugu Beramendin (Nafarroa). Zaldiak ulertu, ezagutu eta haiekin batera disfrutatzeko beste era bat. Katuka elkarteak, duela bi urte sortuak, zaldien heziketa naturalean oinarritutako ikastaroak antolatzen ditu. Marta Garzia iruindarra da Katukaren arduraduna. Txomin L. Aramaio.

 

Aske bizi diren zaldiekin hasten da heziketa naturala. Zaldien jokabidea, bizimodua eta beharrak ezagutzea du oinarri. Ezagutza horiek zaldien heziketan, erabileran eta bizimoduan baliatzea da heziketa naturala. Animalia hauek taldean bizi dira, eta bakoitzak bere funtzioa betetzen du talde barruan, izan behorra, izan moxala, izan zaldia. Nork bere izaera dauka, eta elkar ezagutu nahiz ulertu beharra dute.
Marta Garziak zazpi urte daramatza zaldiekin lanean, baina txiki-txikitatik ezagutu ditu etxean. Izan ere, aitak betidanik eduki izan ditu. “Katukako bost behorrak eta moxala aitak emanak dira” azaldu digu Garziak. Duela bi urte, zaldiekin lanean jarraitzeko, Katuka elkartea sortu zuen, lagun batzuekin batera. “Elkartean, lana bera neuk egiten dut; besteek beharrezko sostengua ematen didate”.
Haur hezkuntza ikasten hasi zen Garzia, eta, ikasi bitartean, fisioterapia eta ekinoterapia ikasketak egiten ari zen neska bat ezagutu zuen. “Segituan ahalegindu nintzen praktikak harekin egiten, baina, era berean, konturatu nintzen oraindik asko nuela ikasteko”. Orduan ohartu zen zaldiekin kirola egitetik harago badagoela beste mundu bat. Gerora, Gizarte Hezkuntza ikasi zuen, eta hor bai, ikasketen zati bat eta praktikak zaldiekin egin zituen: “Animaliekin eta pertsonekin zelan lan egin ikasi nuen: txakurrekin, zaldiekin, pertsonekin… hezkuntzarekin lotuta”. Ondoren espezializatu nintzen ekitazio terapeutikoan. “Pixkanaka, zaldien gauzak ikasi ditut, eta hori pertsonekin nola uztartu. Ez dago askorik oraindik, egia esan. Baina horretan ari gara poliki-poliki”. Zaldi askeekin jende gutxi dabil lanean. Vanesa Ugarte da horietako bat, eta Garziak harekin ikasi du; gainera, ikastaro bat baino gehiago antolatzen dute elkarrekin Katukan.
“Ikastaro motaren arabera, dakien jendea hartzen dugu ikastaroa eman ahal izateko, eta ni zaldiekin laguntzen aritzen naiz. Niretzat ere ikasten jarraitzeko bide bat da hori. Nire burua prestatzen jarraitzeko bidea, alegia, hemendik joan gabe”. Terapia egin behar dutenean, terapeuta bat ekartzen du ikastaroa zuzen dezan, eta, zaldi heziketa ikastaroetarako, berriz, aipatu Vanesa Ugarte.
Behorrek eta moxalak belarra jateko eta libre sentitzeko zelaien alokairuak, animalien janariak edota bestelako kontuek eragiten dituzten gastuei aurre egiteko dira ikastaroak. Talde handi zein txikientzat izan daitezke, eskola libreetako jendearekin, harrera etxeekin edo norbanakoekin.
Esperientzia oso-osoa da gurea. Jendea ondo zaintzen ahalegintzen gara. Ez da bakarrik zaldiekin egotea; pasieran egiten dugu haiekin, beren ingurunea ezagutzen dugu..." zehaztu du Garziak. “Jarduera inoiz ez da ateratzen aurrez prestatua zegoen moduan” erantsi du. Animaliak nola dauden egun horretan, parte hartzaileak eurak zelan dauden, gauzak aldatu egiten dira, eta horretara egokitzen dira. “Norbaiten etxera joaten naizenean, ondo har nazan gustatzen zait; bada, gu ere jendea halaxe hartzen saiatzen gara" nabarmendu du.
Hainbat ikastaro mota eskaini arren, gehienak zaldian ibiltzera joaten dira Katukara. Aurrena, baina, ikasi beharra dago. “Gure lehenengo araua  hauxe da: aurrena, zaldia ezagutu behar da; gero ibiliko zara haren gainean. Zaldiaren izaera, gorpuzkera... Zaldi bakoitza mundu bat da, geu bezalaxe. Zaldiak ulertzen ahalegindu behar gara, eta hortik ikasten”.
Zaldiak eta zaldiaren gainean dagoenak bat egitea da bidea, Katukakoen ustetan. Behin hori lortuta, zaldian ibiltzen hasten dira, pausoz pauso. Teknika tradizionalekin ez bezala, aho-uhalik eta zelarik gabe jartzen dira zaldian oreka lortu arte. Behin hori lortuta, baita zaldiarekin harmonia ere, gero eta elementu gehiago gehitzen dituzte. Zaldiketa naturala deitzen zaio honi. “Zaldiaren berezko mugimenduak ez oztopatzen ahaleginduko gara. Erosoago izango da horrela bai harentzat bai zaldizkoarentzat. Gorputza erabiltzen asmatu, bion artean komunikatu. Oreka. Zer egin jakin”.
Ikastaroetara hurbiltzen diren asko umeak izaten dira. “Mundu berria da haientzat. Esperimentatzen jarraitzeko beste bide bat. Zaldia zer den ezagutuz hasten dira: paseoan joan, basoan olgetan egin, ahotsaz jolastu. Azkenean, zaldian ibiltzea bera bigarren mailan gera daiteke” diosku Garziak.
Ikastaroen berri izateko, informazioa eskatzeko edota izena emateko, Facebook eta Instragram kontuak dauzkate.