LABURREAN -urria

EUSKAL IKERLARIEN LANAK gizarteratzeko asmoz, Txiokatu zure tesia 6 mezutan izeneko twitter bidezko lehiaketa antolatu du Unibertsitatea.net atariak. 2011/2013 urteen bitartean tesia aurkeztu dutenek edota egun tesia egiten ari direnek har dezakete parte lehiaketan, eta 500 euroko eta 300 euroko sari bana eskuratu ahal izango dute. Horretarako, euren tesia 6 txiotan azaldu beharko dute azaroaren 19an, antolatzaileek ezarritako ordu tarteetan. Xehetasun guztiak www.unibertsitatea.net gunean ikus daitezke.

GAILU mugikorretan HABEren 1. eta 2. mailako azterketak prestatzeko aplikazioa sortu berri du Skura Mobile enpresak: Euskara Ikasiz. Android plataforma darabilten gailuetarako balio du, eta azterketetan ebaluatzen diren trebetasunak lantzeko aukera ematen du: irakurmena, entzumena, idazmena eta mintzamena. GooglePlay-n eskura daitezke Euskara ikasiz HABE 1. maila eta Euskara ikasiz HABE 2. maila aplikazioak. Bertsio osoa (hamar azterketarekin) 2 euroren truke, eta beta bertsioa (bi azterketarekin), berriz, doan.


ttanTTAN TTAKUN Donostiako irrati euskaldun librearen (107.2 FM) saioak gailu mugikorretan ere entzun ahal izango dira aurrerantzean, Lautech kooperatibak garaturiko aplikazioari esker. Hainbat aukera ematen ditu aplikazioak: irratsaioak streaming bidez entzun, programazioa ikusi, albisteak irakurri, saioak entzun... Android plataforma duten gailuetan balia daiteke aplikazioa, eta Ttan Ttakunen gunean eskura daiteke: http://ttanttakun.com/.