“Euskal Herrian, ez dago Alejandro Sanz bezala bizi den musikaririk”

oier

Kazetaria, Lou Topet taldeko gitarra eta abeslaria, hainbat bideoklipen egilea, Baserriko Uzta ekimenaren bultzatzailea... Martxoaren 22tik aurrera ikusiko dugu zinema aretoetan Oier Aranzabalen (Zarautz, 1988) lehen film luzea: Margolaria. Aurretik, baina, martxoaren 12an, Mikel Urdangarin protagonista duen dokumentala Bilboko BBK aretoan eskainiko dute. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

 

Zinemaldian, harrera ona izan zuen filmak. Zer espero duzu orain?
Zinemaldian egotea hain izan zenez handia, ahaztua nuen orain estreinaldia eta filma berriz defendatzea tokatzen dela, Zinemaldian askatu nuelako pelikula, jendeari eman. Lasai nago, gustura jaso genuen harrerarekin; halere, tentuz ibili behar da kritikekin, normalean onak txarrak baino errazago iristen direlako. Gogoa daukat ahalik eta jende gehienarengana heltzeko, eta prest nago iritzi asko jasotzeko.
Zergatik aukeratu zenuen Mikel Urdangarin protagonista izateko?
Gure taldekide Rafa Rueda eta biok Santanderrera joan ginen Alain Urrutiaren erakusketa bat ikustera. Urdangarinekin egin genuen topo, Rafaren laguna bera. Kontatu zigun disko bat egitera zihoala, hasia zela konposatzen, baina hastapen fasean zegoela. Nik eskaini nion bideoklipa egitea, dokumentala egitearen truke. Baietz esan zuen, eta orduan hasi zen guztia. Momentu berezian harrapatu ninduen, ordura arte Garoa liburu dendan egiten nuelako lan, baina dendaren proiektua aldatzean, autonomo egin eta sorkuntzatik bizitzea erabaki nuen. Dena gertatu zen aldi berean.
Musikatik bizi da Urdangarin, baina hori ez da ohikoena gurean...
Salbuespenak egon arren, eta hainbat proiektuk erakutsi arren euskara edozein esparrutan erabil daitekeela eta euskaraz egin ahal zaiola ekarpena munduari, euskaraz sortzetik bizi diren artistak nahiko egoera ezegonkorrean egiten dute lan, oro har. Badute estigma moduko bat gainean, sortzetik bizitzea bidezkoa ez balitz bezala, kultur sorkuntza zaletasun gisa edo doan egin beharko balitz bezala. Jende askok ez du ulertzen artistarena, edo musikariarena, lanbidea dela. Urdangarin duintasunez bizi da bere musikatik, musikari arrakastatsuaren irudia dauka, baina askotan irudi hori ez da benetakoa. Euskal Herrian, ez dago Alejandro Sanz bezala bizi den musikaririk. Hemen musikatik duin bizi denak lan asko egin behar ditu, eta sarritan ez du ogia ziur. Hori azpimarratu nahi dut, arrakasta maiz dirutan neurtu arren, neurtzeko beste modu asko daudelako. Zorionez, Euskal Herrian baditugu beren artetik bizi diren artistak, eta izango ditugu gehiago. Hala izan behar du, kultur eta hizkuntz komunitate osasuntsuek behar-beharrezkoak dituztelako. 
Erakundeen utzikeria salatu izan duzu. Euskaraz sortzen den kultura gutxietsia dago gurean?
Erakundeak, oro har, oso urrun daude kulturgintzatik. Kultura oso modu ezberdinean ulertzen dute: Guggenheim, turismoa erakartzeko tresna, askotan dirutan neurtzen den zerbait, makroproiektuak... Ahaztu egiten da euskal kultura dela sortzaileek egiten dutena, sortzaileek laguntza behar dutela, eta laguntza ez dela bakarrik dirua ematea. Laguntza ematen da baldintzak sortuz, aukerak emanez, irizpideak ezarriz... Kulturari dagozkion erakundeek ez dute harremanik kulturgileekin eta haien beharrekin. Hori bai, onartu behar dut Bingen Zupiria kontzertu askotan topatu izan dudala. Harritu egin nau, kultur sailburua horrelakoetan ikustea ez delako ohikoa. Txalogarria da, baina irizpideak eta neurriak behar ditugu gure kulturak etorkizuna izan dezan. EiTBn, kasu, euskal kulturarekiko irizpiderik eza nabarmena da. Musikan, adibidez, oso garrantzitsua iruditzen zait EiTBk irizpide batzuk edukitzea, frantses estatuan dituzten bezala, euskal musikarako kuotak eta... Oso garrantzitsua da, honetatik biziko bagara.
Zuk erabaki duzu hortik bizitzea...
Autonomoa naiz, eta nolabaiteko oreka lortu dudala uste dut. ZuZeu aldizkari digitalean idaztetik eta musikatik bizi naiz, nahiz eta bigarrena geldirik eduki hurrengo proiektura arte. Proiektu batek, dagoenean, ematen du, baina ez dagoenean ez du ematen, beraz, eduki behar duzu nondik jan. Sortzaile gehienak, soldata osatzeko, gauza asko egitetik bizi dira: eskolak eman, beste proiektu batzuetan parte hartu, kolaborazioak egin hedabideetan... Mikel Urdangarin, Ruper Ordorika edota Eñaut Elorrieta salbuespenak dira.
Hiru disko atera ditu Lou Topetek: 2013an, 2015ean eta 2017an. Aurten tokatzen da hurrengoa?
Bai, Durangoko Azokara iristea da asmoa. Proiektu berezia da, kartzelen kontzeptuaren baitan bildua: zer paper betetzen duten gure gizartean, bestelako aukerarik ba ote den... Galdera asko egiten dira, eta preso askoren poesiak eta literatur lanak irakurtzen ari gara Harkaitz Cano eta biok, hitzak hautatzeko. Disko-liburua izango da.
Nola helarazi euskal kultura erdal kultura soilik kontsumitzen dutenei?
Ezinbestekoa da irizpideak finkatzea. Zer ikusten da ETB2n? Nola tratatzen dira euskara eta euskal kultura? Radio Euskadin, zer entzuten da? Irizpideak ezarrita, gauza asko egin daitezke euskal kultura beste komunitate batzuetara hurbiltzeko. Diglosia egoeran euskarak dagokion lekua edukiko badu, irizpide politikoak ezarri behar dituzte hedabideek eta erakunde publikoek; eta kalitatezko gauzak egin, jakina. Eredu aldaketa batetik gatoz: 78tik aurrera sortu ziren erreferenteak frankismoaren aurkako erreakziotik etorri ziren, baina orain erreakzio ahalmena ahuldu edo agortu egin da, kultur erakunde asko itxi edo aldatu egin dira, ereduak ere bai, militantzia ez da lehengoa... Belaunaldi aldaketa dago, eta dagoeneko motorra ez da erreakzioa. Euskadi Gazteak esaten zigun, 90eko hamarkadan, zer zegoen euskal musikan, Euskal Herriko 10 diskoetxeek haien diskoak hedabideetara bidaltzen zituzten... Kalitatezko musika uztaren iragazkia egiten zuten, bitartekari asko zeuden. Baina bitartekariak erori direnean, nola aukeratuko du jendeak zer entzun? Nola jakin zein den atera berri den kalitatezko euskal musika? Berria egunkariaren Badok ekimena ilusioz hartu dut, euskal musikaren erakusleiho bihurtu delako, baina erreferente gehiago sortu beharko genituzke. Sortzaileek eraiki behar dituzte, erakundeen laguntzaz.
Aipatzen duzun egoera horretan, Internetek eragin handia izan du...
Streaming-aren garaian gaude. Hor ez bazaude, ez zara existitzen. Diskoak ez ditu inork erosten; hemendik aurrera, are gutxiago. Autoan, ez dut CD irakurgailurik. Etxean, ez dut DVD irakurgailurik, zinema eta musika asko gustatu arren. Orduan, zer egin behar du sortzaileak gaur egun? Bada, doitu nolabait, halabeharrez. Ederra litzateke diskoak atera eta saltzea, baina hori bukatu da. Nola egokitu egungo ereduetara? Gaur egun, badago autoekoizpenerako joera, baina ni horrekin desengainatuta nago, hiru disko horrela kaleratu eta gero. Elkartzeko garaia da, bakarka ez goaz inora, bide antzua da epe luzera. Adibide interesgarria da Erraia zigilua, eta gu ere ari gara hitz egiten hainbat kide eta lagunekin zerbait egiteko, indarrak batzeko. Gure asmoa da beste zigilu bat sortzea.
Askotan eskatzen diegu sortzaileei kolaborazioak musu-truk egiteko...
Bai, artea doako gauzatzat hartzen da, eta, batzuetan, kritikatu egiten da kobratzen duen musikaria. Baina jendea zergatik ez doa kontzertuetara? Bere errua da? Ez dut uste. Zergatik ez du ordaintzen sarrerarik? Bada, antolatzaileek ez dutelako kobratzen. Hausnarketa kolektiboa egin beharko da horren inguruan. Antolatzaile onak behar dira, gutxi daude eta. Antolatzailearen irudia oso garrantzitsua da, bai erakunde publikoetan bai elkarteetan eta abarretan. Ni antolatzailea naiz, eta badakit ezin dudala, besterik gabe, kontzertu bat lotu. Ardura handia da: hedapenaz arduratu eta jendea joatea lortu behar da, musikarientzako soldata duin bat bermatu behar da... Guk, Baserriko Uztan, horixe bermatzen dugu lehenengo gauza, musikarien soldata. Antolatzaileak doan eskaini nahi duela kontzertua? Ados, baina pentsatu nola ordaindu musikariei. Niri lotsa ematen dit jendeari gauzak musu-truk eskatzeak. Salbuespenak daude, baina salbuespenak dira. Ezin dira arau izan.
Baserriko Uzta ekimena antolatzen duzu. Zertan datza? 
Nekazaritza eta musika uztartzen ditu, eta urtaro bakoitzean bat egiten da. EHKOlektiboaren ekimenez sortu zen, gurekin harremanetan jarri zirenean. Nekazaritza ekologikoan diharduen baserri bat zabaltzen da, hango errealitatea eta bertan egiten dena erakusteko. Gero, kontzertu bat eskaintzen da, eta ondoren bazkaria, bertako produktuekin. Oraindik lotu gabe dugu udaberrikoa, baina udakoa Zuberoan izango da, Eñaut Elorrietarekin batera.
Zuzentzen duzun ZuZeu aldizkari digitalak 10 urte beteko ditu apirilean, nola ospatuko duzue?
Festa bat egingo dugu, noski, ZuZeuren inguruko jendea batzeko. Horrez gain, ekimen berri pare bat aurkeztuko dugu aurten, edukiei begira. Webgunea berritzen ere ari gara, aurpegia pixka bat aldatu nahi diogulako, eta, bide batez, bere bertute eta arazoak mahai gainean jartzeko. Kazetaritza beka bat sortzeko lanean ere ari gara...
Meritua du horrenbeste denbora irauteak.
Lan asko dago tartean. Dauzkagun irakurleak, hilean 25.000 pertsona, ez dira lortzen egun batetik bestera. Asko estimatzen dugun komunitatea da, beste hedabideetatik bereizten duen bertutea parte hartzea delako. Edonork idatz dezake gurean, horren alde on eta txarrekin.
Kazetaritzak ospe ona galduta duen garaian...
Bai, hala dago, baina hori ez dugu guk konponduko. Ez gara lehiatzen gaurkotasunaren esparruan. Gurean, batez ere, eztabaidak topatzen dira, euskararen, politikaren eta interesatzen zaizkigun gaien gainean. Eztabaida horietan, jende askok hartzen du parte, iruzkin asko egoten dira, batzuk politak, beste batzuk zatarrak, eta gure lana da hori moderatzea, eztabaidak eragitea, iritziak kaleratzea eta kalitatezko edukiak sortzea. Horixe da gure erronka.

Kolkotik  

Azkenaldian gehien gustatu zaizun euskarazko filma?
Emak Bakia eta Oreina.
Euskal musikan, zein duzu gustuko?
Joseba Irazoki.
Liburu bat?
Fakirraren ahotsa, Harkaitz Canorena.
Zer ezin da falta zure etxeko hozkailuan?
Ura.
Zure baratzeko kutuna?
Neguan, porrua eta ilarrak; udan, tomatea.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Gaixotasun arraro bat dela kausa, Euskal Herriko erdaldun guztiak euskaldun esnatu dira. Ikertzen ari dira zero pazientea nondik datorren. Esaten dutenez, Gasteizen dago.
Bizitzako plazer txiki bat?
Itsasora gerturatu eta entzun.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Etzan eta musika entzun.
Nor da zuretzat heroia?
Ez dut heroiengan sinesten.
Larunbat gauerako planik onena?
Zinemara joatea, edo afaria lagunekin.
Zerk alaitzen dizu eguna?
Alaba txikiak eta bere irribarreak.
Zerk ematen dizu beldurra?
Zahartzeak. Gorputza baino gehiago, burua.
Eta amorrua?
Nire hizkuntzan bizi ezin izateak. Are gehiago, euskaraz hitz egiteagatik isuna jasotzeak.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Bizarra, hori mozteko bakarrik jartzen naiz ispiluari begira.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Ez dakit, ez dut ikusten.
Bizio bat?
Kafea goizero. Bat, bi, hiru...
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Biologoa.
Eta zer ez duzu izan nahi orain?
Harroputza.
Bi hitzetan, nolakoa da Oier Aranzabal?
Espontaneoa eta, batzuetan, kartsua