Green Book

greenbook

Zuzendaria: Peter Farrelly. Aktoreak: Viggo Mortensen, Mahershala Ali, Iqbal Theba, Linda Cardellini, Ricky Muse, David Kallaway. AEB, 2018.

Istorioa: AEBak, 60ko hamarraldia. New Yorkeko Bronx auzoko Nick Vallelonga, italiar jatorriko morrosko zakarra, Don Shirley pianista ezagunaren gidari izateko kontratatuko dute, Shirleyk AEBetako hegoaldean egin behar duen birarako. Beltza da Shirley, eta, ondorioz, beltzei ostatu ematen dieten lekuen Green Book izeneko gida erabili beharko dute. Biran, nola ez, arraza segregazio bortitzari eta arrazismoari aurre egin beharko diete, baita nork bere aurreiritziei ere. Benetako gertaeretan oinarritutako istorioa da.
Sariak: Uzta polita biltzen ari da filma. Tartean, aski entzutetsuak: Urrezko Globoetan hiru, film onenaren Oscar saria (guztira, hiru), BAFTA sari bat... Gainera, gehienak film onenari edo aktoreen lanari eman dizkiote. Ulertzekoa, harrera ona izateko osagaiak baititu filmak.
Onena: Erritmo onean egituratua, bikain girotua, genero nahasketa neurritsua, gai gogorrak eta umore zipriztinak orekaz uztartuta, musika paregabea, aktoreen lan ona... Egoki kozinatutako osagai txukunek emaitza atsegina dakarte.
Txarrena: Atseginegia eta erosoegia, aukeran. Farrellyk ondutako platerean, jateko trabarik eragingo duen hezurrik ez da.
Eñaut Mitxelena