Bederatzi film labur erakutsiko ditu Laburbirak

ama

Martxoaren 20tik apirilaren 13ra, euskal sortzaileen bederatzi film labur eskainiko ditu, herriz herri, XVI. Laburbira film laburren zirkuituak. Bergaran hasi eta Valladoliden (Espainia) amaitu, guztira 35 herritan izango dira emanaldiak; tartean, atzerriko zenbait hiritan. Gainera, horietatik hamahirutan, zuzendari batekin solasaldia egingo dute. Lan hauek ikusi ahal izango dira aurten Laburbiran: Begi ninien koreografia (Arrate Fernandez), Shell Phone (Miren Mujika), Zapatak (Irati Murua), Ama (Josu Martinez), June (Arantza Ibarra), Hotzean garbitu (Maddi Barrenetxea eta Marta Teijeira), Ilunpean (Iker Maguregi eta Andrea Martinez), Erroak (Ane Zuazubiskar) eta Handiak eta txikiak (Laida Ruiz Juarros). Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatzen du Laburbira, euskaraz sortzen diren lanak ezagutarazteko eta sortzaileei erakusleiho bat eskaintzeko.


julietaBOTEREA, nagusitasun hegemonikoa izateko edo aginte gorena islatzeko gaitasuna, izango du gai nagusi dFeria Arte Eszenikoen Donostiako 25. Jaialdiak. Martxoaren 11tik 14ra izango da, baina aurreko egunetan ere emanaldi bereziak eskainiko dituzte, aurten 25 urte beteko dituela eta. Orotara, nazioarteko eta Euskal Herriko 32 konpainiaren 33 ikuskizun ikusi ahal izango dira. Gehienak antzezlanak eta dantza ikuskariak izan arren, diziplina anitzeko zenbait lan ere ikusgai izango dira. Asko eta asko, gainera, estreinaldiak: lanen % 63, hain justu. Zenbait euskal taldek parte hartuko dute, hala nola Kukai dantza taldeak, Borobil teatroak, Markeliñek... Nolanahi ere, euskarazkoak oso gutxi izanen dira. Egitarau osoa www.dferia.eus webgunean ikus daiteke.

 

 

LABURREAN

MARTXOAREN 11tik 16ra izango da Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko 13. Jaialdia, Iruñean. Sail Ofizialean, 18 herrialdetako 30 film eskainiko dituzte. Sail Ofizialetik kanpo ere eskaintza zabala izango du jaialdiak. Esaterako, Jonathan Schwartz zinemagile amerikarra omenduko dute atzera begirako batekin eta jaialdirako beren-beregi prestatutako argitalpen batekin. Horrekin batera, Cesar Vayssié eta Ivan Argote zuzendari eta artisten, Marie Losier zinemagilearen eta Guy Sherwin zuzendariaren lanei ere erreparatuko diete beste sailetan.


adelARTE ESZENIKOETAN euskaraz aritzen diren aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleek eztabaidarako, jakintza handitzeko eta elkartrukerako gune izango dute ADEL 2019, Artedramaren Euskal Laborategia. Aulestin izango da, ohi bezala, apirilaren 22tik 27ra. Aurtengoan, Laida Azkona, Laura Penagos, Getari Etxegarai, Estitxu Zaldua eta Iraia Elias izango dira irakasleak. Xehetasun guztiak Artedramaren webgunean: http://www.artedrama.com/.