Sarbide egokia

imanolJOAN ETORRIAN
Imanol
Elkar, 1987


Harkaitz Canok berriki argitaratutako Fakirraren ahotsa eleberriak berriz bihurtu du hizpide Imanol Lartzabal kantariaren lana. Nobela irakurri ostean Imanolek utzitako ondarea ezagutzeko irrika sumatu duena nondik has daiteke? Seguru asko, Imanolen zaleek badituzte disko kutunagoak edo oroimenean iltzatuagoak, baina Joan etorrian hau izan daiteke kantaria ezagutzen ez dutenentzat sarbide egokia, lan bikoitz hau osatzeko bere ibilbideko abesti ezagun ugari berriro grabatu baitzituen. Hemen agertzen dira, beraz, haren klasiko ugari: Poeta kaxkarra, Euskadin Castillan bezala, Xabier Amurizaren testu ezin ederrago batean oinarrituta ondutako Mendian gora ezaguna, Mayo soil bezain ikaragarria, Nire euskaltasuna, Maitiak galde egin zautan eta abar. Oro har, moldaketa berriek ez dute jatorrizko bertsioen oihartzuna zapuzten (maiz gertatzen da aspaldiko kantuak berriro grabatzen direnean). Lan aproposa Imanol ezagutzen ez dutenentzat.

Gotzon Hermosilla