Piztiaren eta gizakiaren arteko istorio bat

belarrion

Xabi Bandinik, Kerobia eta Anticontinente taldeetan ibili ondoren, bakarkako bideari ekin zion pasa den udan, Madrilen duen etxe txikian idatzi eta gitarrarekin grabatutako lau kanta zintzilikatuz bere blogean. Horren ostean kaleratu zuen, udazkenean, hamar abesti biltzen dituen Begibakar (Gor) izeneko diskoa, eta joan den hilean hasi zuen hura aurkezteko Begibakar Tour bira. Aurreikusitako kontzertuen artean daude martxoaren 15ean Legutioko kultur etxean eskainiko duena; martxoaren 28an, Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean; apirilaren 5ean, Olaztiko kultur etxean; eta apirilaren 27an, Donostiako Doka kafe antzokian. Begibakar, Bandiniren esanetan, gizakiaren eta piztiaren arteko mugan dago, eta giza erretratuaren eta bisontearen arteko izaki mitologikoa da, eseri eta begira gelditzeko gonbidapena egiten diguna, ”norbere pasioak eta proiekzioak, eta norberaren lekua bilatzeko beharrak, jada ez dutelako horrenbesteko garrantzirik, dena daramagulako gainean”.


hezurbeltzakHEZURBELTZAK proiektuak ibilbide luzeko hiru artista bildu ditu: Jon Maia abeslaria eta bertsolaria, Gorka Hermosa soinularia eta Pitti gitarrista. Garcia Lorca eta Lauaxeta poeten obran oinarritutako dantza eta antzerki ikuskizuna izateko sortu zuten proiektua, eta, antzoki ugaritan ibili ondoren, saioetan erabilitako kantuez eta poemez osatuta kaleratu dute diskoa, autoekoitzia. Bertan, besteak beste, emigrazioa, gizarteko pertsonaia baztertuak eta horien inguruko istorioak plazaratzen dituzte, poesia, kritika eta umorea uztartuta. Hala, giro berezia sortzen dute zuzeneko emanaldietan. Ikusi eta entzuteko aukera egongo da hil honen 15ean Loiolako kultur etxean (Donostia), apirilaren 12an Plateruena Kafe Antzokian (Durango) eta 13an Civibox Iruñean.

 

 

 

 

 

 

eskeanBESTE BELATZE BATZUEN GOZOAN
Eskean Kristö
Trumonots Records, 2018

Aurreko diskoetan baino soinu gaurkotu eta dotoreagoa dakarte arratiarrek lan honetan, rock&roll klasikoa oinarri. Oraingoan, gainera, beste ñabardura batzuk ageri dira hamar konposizioetan: zipriztin psikodelikoak, punk pultsioa, bluesaren kadentzia edota pop melodiak, besteak beste. Hitzetan, Pello Artabek hain berea duen tonu ironikoa suma daiteke, zirikatzaile eta burlati: gaua, sexua, droga, musika eszenaren norakoa edota zenbait herri tradizioren burugabekeria. Taldekideek hartu dute argitalpenaren ardura osoa, beren zigilua sortuta.

gariBESTE DENBORA BATEAN
Gari
Autoekoizpena, 2018

Gariren bakarkako ibilbideko hamargarren lana zortzi abestik osatzen dute. Musika estiloan jarraipena izan duen arren, aurrekoetan baino pop-rock alaiagoa eta argiagoa dakar oraingoan. Ohi bezala, Igor Elortzaren, Jon Benitoren, Mari Luz Estebanen eta Juan Luis Zabalaren laguntza izan du hitzetan. Bidaide duen Maldanbera taldea osatzeko, berriz, beste kide batzuk gehitu zaizkio: Borja Barrueta (bateria), Gorka Benitez (saxoa eta flauta), Jon Agirrezabalaga (baxua, gitarrak eta teklatua), Oier Aldekoa (pianoa) eta Aitziber Omago (koruak).