Berriro itzuliko balitz

berriroXabier Etxeberria
Elkar, 2018

Danimarkako Heinsborg uhartea eta harako bidean doan ferry bat. Lehenengoan, Karlos topatuko dugu, eta, bigarrenean, Ebbe. Bi planok eratzen dute, beraz, nobela.
Karlos jazz musikari ohia da, eta hiru hileko alabarekin Heinsborg uhartean bizitzea erabaki du, hangoa baitzen Ejda, duela gutxi hil zaion bikotekidea, Maddi alabatxoaren ama. Toki eta jende arrotza izango ditu inguruan, eta whiskia bidelagun.
Ebbe, berriz, Marie alabaren bila dabil; aspaldi ez du harekin hitz egiteko aukerarik izan, eta gizon zital batek bahitu duelako uste osoa dauka. Haren bila doa irlara, ferryan, eta edozer egingo du alaba topatzeko, Kill Bill filmeko protagonistaren antzera.
Bi plano daude, bai, baina protagonista nagusia Karlos dela esan daiteke, haren bizitzak zeharkatzen baitu eleberria ezker-eskuin. Hala, hirugarren pertsonan idatzita egonagatik ere, haren pentsamenduen berri izango du irakurleak, eta haren begien bidez begiratuko dio Karlos eta Maddi inguratzen dituen toki (guretzat) urrun horri.
Hainbat gai jorratzen dira nobelan, hala nola aitatasun bakartia, amatasun bakartua, kanpotarra izateak dakarren hustasuna, hizkuntza ondo ez jakitearen inguruko kontuak, sexu grina, alkohola, musika. Hala ere, esan beharra dago hasieratik bertatik suma daitekeela ezkutukoaren usaina, misterioaren pozoi eztia, Xabier Etxeberriak thrillerra idatzi baitu, ustekabekoz josia.
Alaitz Andreu