Makusi.tv bideo plataforma sortzeko kanpaina abian da

makusi

Interneten ikus-entzunezko ekosistema autonomoa eratzeko asmoz, Makusi.tv egitasmoa abiarazi dute Eguzki Bideoak kolektiboak eta Nodo50 Internet zerbitzuen hornitzaileak. Hots, sareko bideo plataforma izango da Makusi.tv, bideoak ikusi eta banatzeko. Hala, euren lanak askatasunez partekatu nahi dituzten talde, elkarte, mugimendu sozial, ekoizpen-etxe txiki edota norbanakoek baliatu ahal izango dute plataforma. Gainera, euren lanak ikusgai paratzeko ez ezik, euren esperientziak partekatu eta elkarren arteko harremanak lantzeko ere balioko du. Izan ere, ikus-entzunezko sortzaileen arteko komunitatea eratu nahi dute. Kontrol horizontalean oinarritua, independentzia ekonomikoari esker, erakunde publiko, enpresa pribatu eta publizitate-interesak saihestuko ditu plataformak, modu horretan erabiltzaileen eskubideak ziurtatzeko. Era berean, etorkizunean sareko bideokluba sortzeko asmoa ere badute. Egitasmoa aurrera atera ahal izateko, dirua biltzeko kanpaina bat burutzen ari dira uneon. Eta, ondo bidean, ekainaren erdialdean izango dute prest webgunearen lehen bertsioa. Plataformari buruzko xehetasunak jasotzeko edo diru-ekarpenak egiteko, www.makusi.tv gunera jo daiteke.


 

mapaIRAGAN maiatzean banatu zituzten, FANT Bilboko Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren baitan, 2014ko Nontzefilmak Film Laburren Lehiaketaren sariak. Nontzeberri.com kultur webguneak antolaturiko sariketan, Nestor Fernandez kataluniarrak eskuratu zuen Nontzefilmak Zinema Saria, arratsalde aspergarri bat oinarri duen Morado lanarengatik. Animazio-lanen atalean, aldiz, Jaime Ekkens estatubatuarra izan zen garailea, A Life with Asperger's film laburrarekin. Izenburuak dioen moduan, Asperger sindromea duen pertsona baten bizitza du ardatz hainbat teknika nahasten dituen lanak. Azkenik, euskaraz eginiko lan onenaren saria Alberto Gastesik jaso zuen, denboraren iraganari buruzko Ahaztutako denboraren mapa lanari esker. Hiru lanok, baita lehiaketan aurkeztu dituzten beste 70 filmak ere, http://www.nontzeberri.com/nfk14/default.aspx webgunean daude ikusgai.