Pasahitza ahaztuta?

Dena birtuala den sasoi honetan, pasahitzak hil ala biziko kontua dira, haiek baitira gure altxor digitalak ondo gordetzeko giltzak. Segurtasun alorreko adituek pasahitzen ordezko metodo seguru eta eraginkorragoak proposatzen dizkigute etengabe: hatz marken bidezko identifikazioa, aurpegia automatikoki ezagutzea, ahotsa... Baina, azkenean, metodo berri eta sofistikatu horiek ere beti bukatzen dute badaezpadako pasahitza sortzeko eskatzen, B plan gisa baino ez bada ere...
Gailu eta zerbitzu digitalak erabiltzen ditugun guztiok pasahitzak behar ditugu gure informazio pribatua ondo gordeta izateko. Gaia sarritan aipatzen da komunikabideetan, batez ere datu filtrazio masiboak gertatzen direnean: oso garrantzitsua dela pasahitzak noizean behin aldatzea, ez dela komeni zerbitzu guztietan pasahitz bera erabiltzea, hobe dela ez erabiltzea ‘123456’ edo norbere jaiotza data...
Hau da, normalean jasotzen ditugun aholkuak izaten dira pasahitzak ondo aukeratzeko eta hobeto gordetzeko. Halere, kontuz, ondoegi aukeratzea eta gordetzea ere ez da komeni! Ikusiko zenuten aurrekoan Kanadan gertatutakoa: bitcoinekin inbertsioak egiten dituen Quadriga enpresaren presidentea, Gerald Cotten gaztea, ezustean hil, eta harekin batera desagertu omen da enpresak kudeatzen zituen 150 milioi euroekin eragiketak egiteko ezinbesteko  pasahitza. Antza, Cottenek bakarrik zekien pasahitza; hortaz, aurrezkiak enpresa horren esku utzi dituzten 115.000 lagunek galdutzat eman dezakete diru hori, tartean langile askoren pentsio planak eta antzekoak.
Enpresa epaitegietara eraman dute, noski, eta hark azaldu du auzia ikertzen ari direla, ikertzaile pribatuekin zein hackerrekin dabiltzala pasahitza berreskuratzeko ahaleginetan; oraingoz, alferrik. Presidentea zenaren ordenagailua eta gailu mugikorrak enkriptatuta daude, eta enpresariaren paperetan ere ez dute inolako pistarik aurkitu.
Ai, pasahitzak! Behar bezala zaindu ezean, berehala galtzen dute eraginkortasuna, eta ez dute ezertarako balio. Baina segurtasunarekin larregi kezkatuz gero ere, Kanadakoa bezalako kasuak gerta daitezke... Eta zuek? Ondo zaintzen dituzue zuen pasahitzak?

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/bitcoin
Bitcoinen inguruan oinarri-oinarrizko jakingarriak, Argiaren webgunean.

https://labur.eus/pasahitzak
Pasahitzak ondo aukeratzeko aholkuak, Sustatu.eus-en.

https://labur.eus/gazteak
Datu kuriosoak Gazteberri.eus webgunean: gazteek pasahitzak ez beste metodo batzuk nahiago dituzte.