Sakelakoetan ere, Klika Korrika!

app

21. Korrikaren aplikazioa eskuragarri dago jada. Akting enpresak sortu du, eta informazio eta erabilera ugari eskaintzen ditu. Aurtengo edizioari dagokionez, Korrikaren mapa (Korrika noiz eta nondik pasako den) eta tokian tokiko eramaileen zerrenda kontsultatzeko aukera ematen du. Gainera, behin 21. Korrika abiatuta, Korrikaren egoera jakin ahal izango da, hala kontsulta egin den unera arte beteriko distantzia nola helmugaraino falta dena. Era berean, Korrika Kulturaleko ekitaldien agenda ere badakar, ekitaldiak egunaren zein tokiaren arabera bilatzeko aukera emanda. Aurtengo edizioari buruzko xehetasunez gain, Korrikari buruzko informazio orokorra eta loturak eskaintzen ditu, baita euskararen eta AEKren aldeko lasterketa erraldoia oinarri duen galdera lehiaketa ere. Android zein iOS gailuetarako prestatua, doan eskura daiteke Google Playn eta AppStoren.


elhuyarELHUYAR HIZTEGIEN mugikorretarako aplikazioa berritu du Elhuyar Fundazioak, hizkuntza datuak eta sistema eguneratuta. Euskara-gaztelania, euskara-frantsesa eta euskara-ingelesa hiztegiak kontsultatzeko aukera eskaintzen du aplikazioak, dela online dela offline. Online eginez gero, Interneten une horretan dauden hiztegien azken bertsioetako datuak erakusten ditu; konexiorik gabe, berriz, Elhuyarren sareko hiztegiaren (hiztegiak.elhuyar.eus) 2018ko abenduko datuak dakartza. Bertsio berrituak une oro erakusten du bilaketa laukia. Gainera, kontsulten hizkuntza noranzkoa erraz hauta daiteke, klik bakarraz. Aplikazioa dagoeneko eskuragarri dago, doan, Google Playn eta AppStoren.

LABURREAN

EUSKARAZKO BLOGIK ONENAK sarituz, blogintza euskalduna sustatu nahi du Blogetan! Blog izarren bila lehiaketak, zeinaren hirugarren edizioa dagoeneko abian den. Azkue Fundazioak Argia aldizkariaren laguntzarekin antolatua, publikoaren bozketa fasean da orain, hau da, finalean izango diren blogak bozka bidez aukeratzeko sasoian, hilaren 25etik martxoaren 24ra, hain zuzen. Hala, sei kategoriatan banaturiko blogen artean gustukoenak aukeratu eta bozkatu ditzakete erabiltzaileek, bai www.blogetan.eus gunearen bai Twitter bidez. Finalistak aukeratzeko orduan (kategoria bakoitzeko hiru), publikoaren botoek % 50 balioko dute, eta epaimahaiarenek, beste horrenbeste. Finalisten izenak martxoaren 26an ezagutuko dira, eta irabazleenak, apirilaren 2an.


deustoNAGUSIKI literatura eta linguistika landu zituen Enseiucarrean aldizkariak, 1986tik 1999ra Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultura Mintegiak argitaratu zuen agerkariak. Ez zuen maiztasun zehatzik izan, eta 1988tik 1990era ez zen plazaratu; halere, etenak eten, guztira 14 zenbaki argitaratu zituzten. Bada, horiek guztiak sarean ipini ditu Deustuko Unibertsitateak, eta http://www.deusto-publicaciones.es webgunean deskarga daitezke.