Ibilbidea

olasagarreJuanjo Olasagarre

Ia Hemen nire poema liburuaren harira, Javier Rojo kritikariari irakurri diot gure belaunaldikook, 50 urte inguru dugunok, halako talaia eszeptiko batetik begiratzen diogula munduari. Antzekoa adierazi zidan aurrekoan Yolanda Mendiola Artefaktua literatura programako aurkezleak. Bada, nerauk, bik esan badidate, ameto ematea erabaki dut. Hasi naiz, orduan, nire baitan eszeptizismo aztarnak arakatzen; badakizue, eszeptizismoa litzateke, sinesmenari traba eginik, gauzei ustekabean begiratu eta aparte eusteko jarrera.
Eta egia da, gazte idealista izateari aspaldi utzi nion (aspaldi ohikoa bihurtu zaigu gure belaunaldikooi). Kontua da nik, behintzat, idealista izateari uzteko, halako fase postmoderno batetik pasatu behar izan nuela; arinkeria, barrea, ironia eta are sarkasmoa ere, antidotoak guztiak, hamar urtez edo hartu nituen, ia ziniko bihurtzeraino. Gero, denok dakigun krisi ekonomikoa etorri zen, eta ez zeuden bazterrak sinplekeriatarako. Orain, iritziak iritzi, esanen nuke ez nabilela eszeptiko, baizik eta inoiz baino... sinestunago?, inplikatuago?... Federik gabeko fededuntzat-edo joko nuke nire burua.
Ez dut iraultzan sinesten, ez dut uste literaturaren bidez ezer alda daitekeenik (denbora gutxiz uste izan nuen, zorionez), hondamendia etorri badatorrela ziur nago, gauzak aldatu ezean, eta, hala ere, gauza horiengatik guztiengatik halako samurtasun batez, gustatuko litzaidake ez izatea kirmenuribearra, harritzen nau munduak oraindik ere.
Horregatik harrapatu nau ustekabean Rojok zein Mendiolak Ia Hemen poema liburua deskribatzeko erabilitako kontzeptu horrek.
Munduak daraman martxaren aurrean urruntasuna adierazteak norbere burua babesteko balio du; munduan ezer aldatu ezin delako jarrera, eszeptikoa edo zinikoa, suizidioa da. Beste belaunaldi batzuen bizi-ibilbidea egin dugula uste badut ere, badago besteek bizi izan ez duten ñabardura bat: bizimodua egin ondoren etorri da krisi ekonomikoa, dena hankaz gora jartzera eta aurrerapenaren ametsa haustera. Horrek, beharbada, ezkerrekoago egin gaitu, nahiz eta gehienetan gutxi nabaritu.