Porlanezko geroa Bolintxun

supersur

Urtarrilaren amaieran hasi zituzten Bilboko hegoaldeko saihesbidea, Supersur izenez ezaguna, zabaltzeko lanak. AP-68 autobidearekin lotuko dute, lau kilometroko zatia eraikita. Lanek, baina, kontrako iritzi eta protestak eragin dituzte, Bolintxu errekaren haranetik pasako baita errepidea, Bilboko azken naturgune babestutik, alegia. Baina ez da hori saihesbidearen aurka ari den plataformaren argudio bakarra: lanen kostua handiegia dela ere salatu dute, baita bilbotarren aspaldiko beste zenbait eskakizunen gainetik jarri dituztela ere.  Gainera, Supersur delakoan oso auto gutxi ibiltzen direla gogorarazi dute. Bizkaiko Aldundiak, bere aldetik, Bolintxu haranean ahalik eta kalte gutxien eragiteko neurriak hartuko dituela azpimarratu du. Saihesbidearen kontrakoek, ordea, proiektua bertan behera uzteko eskatu dute, Bolintxu harana suntsi ez dezaten. Halaxe galdegin zuten berriro ere iragan urtarrilaren 26an Bolintxu bizirik! lelopean Bilbon egindako manifestazioan. Protestak protesta, eta eskakizunak eskakizun, lanak martxan dira, garapena zementu tonatan neurtzen den herri garatu baino garatuago honetan.