Hiztegiak

Euskaltzaindiak 858 forma berri arautu, eta Hiztegiari gehitu dizkio

Manifaren ostean, jonkien modura ibiliko gara txikiteoan, eta, zientoka trago hartu osteko ziklogenesi mozkorti potentearen ostean, txosnagunera joko dugu bokata, kebaba, kuskusa eta bestelako jaki krematsu lodigarriak jatera. Duela gutxi arte, halakorik ezingo genuke egin. Ez medikuak debekatuko ligukeelako, Euskaltzaindiak onartuko ez lukeelako baizik. Orain, aldiz, medikuaren baimenik ezean, Euskaltzaindiarena izango genuke. Izan ere, Hiztegiko 858 sarrera eta azpisarrera berri arautu ditu, 466 sarrera eta 392 azpisarrera, zehazki, eta beste 462 sarrera ere moldatu ditu. Batzuk zein besteak barneratuta, Euskaltzaindiaren Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus), hiztegi arauemailea, eguneratu du. Hala, egun, 46.180 forma (2017an baino 1.317 gehiago) eta 63.507 adiera (2017an baino 2.008 gehiago) ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak. Arauturiko sarrera eta azpisarrera horietako hainbat dira arestiko esaldian agertzen direnak: manifa, jonki, txikiteo, zientoka, potente, kebab, bokata... zeinak, besteren artean, erabilera-maiztasun handikoak diren gaurko corpusetan.